Migrazioa
Alemaniak polizia kontrol gehiago martxan jarri ditu iparraldeko eta mendebaldeko mugetan
Agentziak | EITB Media
Pertsona migratzaileei eta errefuxiatuei laguntzeko erakundeek eta politikari ezkerzaleek ohartarazi dute domino-efektua egon litekeela: inguruko estatuak ere mugak ixten saia daitezke, Alemaniak kanportutako pertsonen ardura hartu behar ez izateko.
Alemaniak lurreko muga guztiak kontrolatze hasi da astelehen honetatik aurrera, "migrazio irregularrari aurre egiteko" asmoz.
Polizia ahaleginduko da kontrol horiek "ahalik eta gutxien" eragin dezaten lanagatik bidaiatzen duten pertsonen eguneroko bizitzan, bai eta bidaiarien eta merkantzien garraioan ere, baina ezin da baztertu neurriek une batzuetan atzerapenak eragitea, Barne Ministerioak azaldu duenez.
"Ez dago kontrol polizial bat mugako pasabide bakoitzean. Ez ditugu mugak itxi", esan du Sonja Kock bozeramaileak, Berlinen emandako prentsaurreko batean.
Kontrolak malguak izango dira, eta poliziak migrazio-fluxu irregular jakinen tokian jarriko dira, eta susmoak pizten dituzten ibilgailuak soilik miatuko dira, Kockek zehaztu duenez.
Kontrolak Alemaniako ekialdeko eta hegoaldeko mugetan ezarri ziren joan den urtearen amaieran, eta ez dute pilaketa esanguratsurik sortu Polonia, Txekia Errepublika, Austria eta Suitzarekin muga duten pasabideetan.
Denbora tarte horretan, Barne Ministerioaren arabera, muga horietan 30.000 bat pertsonari ukatu diete sarbidea, Alemaniara sartzeko beharrezko dokumentaziorik ez zutelako eta asilorik eskatu ez zutelako. Guztira, 50.000 pertsona atxiki zituzten.
Alemaniako Gobernuak iragarri du neurria, migrazio-politikan oposizio kontserbadorearen eta ultraeskuinaren presioa gero eta handiagoa delako, baina ez du lortu espektro politikoaren sektore hori asetzea, mugetan asilo-eskatzaileak ere kanporatzeko eskatzen baitu.
Baina Olaf Scholz kantzilerra buru duen koalizioak azpimarratu du hori ez litzatekeela bat etorriko Europar Batasuneko zuzenbidearekin; izan ere, beharrezkoa da asilo eskaera bakoitza banan-banan aztertzea edo kasua izapidetzeko ardura zein estatuk duen erabakitzea.
Pertsona migratzaileei eta errefuxiatuei laguntzeko erakundeek eta politikari ezkerzaleek, aldiz, kritikatu dute mugan pertsona gehiagori sarbidea ukatzeko presioak polizia eraman dezakeela Poloniako mugan batzuetan salatu diren irregulartasunak egitera eta estereotipo edo irizpide arrazisten arabera agiriak eskatzera.
Gainera, ohartarazi dute domino-efektua egon litekeela: inguruko estatuak ere mugak ixten saia daitezke, Alemaniak kanportutako pertsonen ardura hartu behar ez izateko.