Pelicot auzia
Dominique Pelicot: "Bortxatzailea naiz, eta gainerako akusatuak ere; denek zekiten zer ari zen gertatzen"
Agentziak | EITB Media
Akusatu nagusia epaitegian agertu da eta horri esker epaiketari berrekin ahal izan zaio, aurreko deklarazioa atzeratu egin baitzen, akusatuaren osasun arazoak direla eta. Egindakoa aitortu du, eta adin txikikoa zela sexu eraso bat egin ziotela eta talde bortxaketa baten lekuko izan zela kontatu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Dominique Pelicotek aitortu du ia hamarkada batez emaztea drogatu zuela berak eta beste gizon batzuek bortxa zezaten, eta egozten dizkioten kargu guztiak onartu ditu.
"Bortxatzailea naiz, eta gainerako akusatuak ere", adierazi du Dominique Pelicotek Avignonen egiten ari diren epaiketaren gaurko saioan. Horren esanetan, akusatu guztiek zekiten Gisele Pelicot konorterik gabe zegoela ematen zizkion antsiolitikoen eraginez.
Akusatu nagusiak astebete baino gehiago egin du epaiketara agertu gabe, osasun arrazoiak tarteko, eta, ondorioz, ostiraleko eta atzoko saioak bertan behera geratu ziren. Hori dela eta, deklarazioa gaur arte atzeratu da.
Negar artean epaileari kontatu dio 9 urte zituela sexu erasoa egin ziotela eta 14 urterekin talde bortxaketa baten lekuko izan zela. Ondoren, bere kontrako karguak irakurri dituztenean, egindakoa guztiz onartu du.
Gisele Pelicot emazteari ere zuzendu zaio eta egin ziona ez zuela merezi azpimarratu du. Halaber, berarekin batera akusatuen aulkian dauden 50 gizonek nola jarduten zuen bazekitela eta ezin dutela kontrakorik esan gaineratu du.
Guztira, 51 gizon ari dira epaitzen Dominique Pelicot auzian. Akusatuetako batzuek diotenez, ez zekiten biktima konorterik gabe zegoela eta baimendutako sexu harremanak zirela uste zuten.
Dominique Pelicoten deklarazioa entzun ondotik, hitza hartu du haren emazte izandakoak eta entzundakoa "gogorra" dela nabarmendu du. Gaineratu duenez, ez zuen inoiz pentsatu senarrak bortxatu egingo zuela.