Venezuela
"Azken urteotako giza eskubideen krisi larrienetakoa" eragitea egotzi dio NBEk Madurori
Agentziak | EITB Media
Venezuelako egoera aztertzeko erakundeak duen misioaren arabera, uztailaren 28ko hauteskundeak egin zirenetik 25 pertsona hil dira protestetan. Horrez gain, Poliziak 2.200 atxiloketa baino gehiago egin ditu, "aurrekaririk gabeko errepresio operazio batean".
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Venezuelako egoera aztertzeko sortutako misioaren arabera, Nicolas Maduroren gobernuak "izu egoera" zabaldu du herrialdean, eta "azken urteotako giza eskubideen krisi larrienetakoa" eragin du.
Hego Amerikako herrialdean giza eskubideen kontra egindako urraketak identifikatzeko eta dokumentatzeko sortutako misioak azken txostena aurkeztu du gaur. Agirian jaso duenez, urraketok areagotu egin dira uztailaren 28ko hauteskundeak egin zirenetik, Maduro garaile izan zela zalantzan jarri edota kritikatzen duen oro "isilarazteko".
Bozak egin baino lehen, 2023ko abendutik 2024ko martxora bitartean, 48 pertsona atxilotu zituzten gobernu bolibarraren kontra jardutea egotzita. Uztailean bakarrik, 120 izan ziren atxilotutakoak.
Hauteskundeen ondotik, "aurrekaririk gabeko errepresio operazioa" burutu du Maduroren gobernuak, eta aste gutxitan 2.200 pertsona baino gehiago hartu ditu atxilo. Txostenaren arabera, sistema judizial guztia dago, Auzitegi Gorena barne, "botere legegilearen interesen menpe, eta oposizio politiko eta sozial mota guztiak erreprimitzeko egitasmoaren tresna da".
Misioak egiaztatu duenez, 25 pertsona hil ditu poliziak oposizioaren protestetan, gehienak 30 urtez azpikoak.
Marta Baliñas misioaren presidenteak salatu duenez, Maduroren gobernuak "errepresioa areagotu du", Venezuelatik bertatik zein nazioartetik egindako aldarriei entzungor eginda.