EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA
Bost emakumek salatu dute Mohamed Al Fayed enpresaburuak bortxatu egin zituela, Harrodseko buru zenean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hainbat biktimaren lekukotzak jaso ditu BBC hedabide britainiarrak, gaur zabaldu duen dokumental batean. "Mohamed Al Fayed munstroa zen, moralitate arrastorik ez zuen harrapakari sexuala", kontatu du emakumeetako batek.
Bost emakumek salatu dute Mohamed Al Fayed enpresaburu egiptoarrak bortxatu egin zituela, Harrods luxuzko saltoki handien jabea zenean. BBC hedabide britainiarrak gaur argitaratu duen dokumental batean eman du salaketen berri. Iaz hil zen Al Fayed, 94 urterekin.
Al-Fayed: Predator at Harrods (Al-Fayed: Harrapakaria, Harrodsen) izenburupean, hainbat emakumeren lekukotzak jaso ditu BBCk, denak Harrodseko langile ohiak. Guztiak bat etorri dira esatean Al Fayed saltokien jabe zen garaian, enpresak ez zuela ezer egin, salaketen berri izan arren. Are gehiago, ezkutatu egin zituela nabarmendu dute.
Bruce Drummond biktimen abokatuaren arabera, Harrodsen "ustelkeriaren eta abusuen amarauna sinestezina zen, oso iluna". Euren aldetik, enpresaren egungo arduradunak "guztiz izututa" daudela adierazi dute, dokumentalaren edukiaren berri izan dutenean.
"Mohamed Al Fayed munstroa zen, moralitate arrastorik ez zuen harrapakari sexuala", kontatu du emakumeetako batek. Erantsi duenez, Londres erdiguneko luxuzko apartamentu batean bortxatu zuen Al Fayedek. "Garbi utzi nion ez nuela nahi. Ez nion baimenik eman. Amaitzea bakarrik nahi nuen".
Harrods saltokiak Londresen daude, eta, gaur egun, Qatar Investment Authority (Qatarren funts subiranoa) da jabea. Al Fayedek 1974ean migratu zuen Erresuma Batura, eta 1985ean erosi zuen Harrods.