Itxi

EKIALDE HURBILA

Israelen azken bonbardaketek 19 hildako utzi dituzte gaur Libanon

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Azken orduotan milaka libanoarrek euren etxeak utzi dituzte eta iparralderako bidea hartu dute, babes bila. Nazio Batuen Erakundeak errefuxiatu palestinarrentzako duen agentziak (UNRWA) bi larrialdi-babesleku jarri ditu martxan, erasoetatik ihesean doazen herritarrei babesa emateko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Israelgo Armadak jakinarazi du Hezbollahk Tel Aviv erdigunera jaurtitako misil bat atzeman dutela, bart, eta ondorioz, alarma-hotsak aktibatu dituztela hirian eta inguruko zenbait eskualdetan, badaezpada. Bere aldetik, talde xiitak baieztatu egin du misil balistikoa jaurti duela, eta helburua Mosadeko kuartela zela zehaztu du.

Goizean zabaldutako ohar batean, Armadako iturriek zehaztu dute aireko defentsarako arduradunek lortu zutela misila atzematea, baina bertako hedabideek argitaratu dute David's Sling defentsa-sistemari esker geldiarazi dutela lehergaia.

Goizeko 06:30 inguruan hasi dira alarma-hotsak entzuten Tel Aviven. Nolanahi ere, orain arteko informazioaren arabera, ez da inor zauritu, eta kalte materialik ere ez da egon.

Bi herrialdeon arteko tentsioa areagotzen ari den honetan, Benajamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa gaur bere Gobernuko segurtasun-kabineteko buruekin batzartuko da, Libanorako estrategiaz hitz egiteko. Bihar, berriz, New Yorkera joango da, Nazio Batuen Erakundea han egiten ari den Batzar Orokorrean parte hartzera.

Dagoeneko, 600 pertsona baino gehiago hil eta 1.800 zauritu ditu Israelgo Armadak, Libanon azken egunotan egindako erasoetan. Gaur ere, erasoek ez dute etenik izan, eta herrialdearen hegoaldeko eta mendebaldeko hainbat eskualde bonbardatu ditu Israelek. Libanoko agintariek zabaldutako datuen arabera, azken orduotako bonbardaketek 19 hildako utzi dituzte, gutxienez.

Larrialdi babeslekuak

Egoera horren aurrean, milaka libanoarrek etxeak utzi dituzte eta iparralderako bidea hartu dute, babes bila. Nazio Batuen Erakundeak errefuxiatu palestinarrentzako duen agentziak (UNRWA) gaur iragarri du bi babesleku jarri dituela martxan, erasoetatik ihesean doazen herritarrentzat.

Horietako bat, herrialdearen iparraldean dago, Nhr El Bared herrian. Hango eskola bat egokitu dute, herritarrak babesteko. Bestea, berriz, Siblinen kokatu dute, bertako formazio zentro baten egoitzan. Erakundeak gaineratu du datozen egunotan "babesleku gehiago" zabalduko dituztela, "beharren arabera".

Milioi erdi pertsona inguruk utzi dute euren etxea azken orduotan Libanon.

Hezbollahren gaitasuna

Besteak beste, Abas Araqchi Irango Atzerri Gaietarako ministroa mintzatu da goizean Libanoko egoeraz, eta ohartarazpena egin dio munduari: Hezbullahk eraso egiteko duen ahalmena ez gutxiesteko esan du, talde horrek  "erregimen israeldarraren kolonia guztiak txikitzeko" gaitasuna duela nabarmenduta. "Ez da inoiz gutxietsi behar Hezbollahk Libano babesteko duen gaitasuna edozein erasoren aurrean", esan du Araqchik. Hori ere New Yorken da, NBEren batzarrean parte hartzeko.

Bere aldetik, Joe Biden Estatu Batuetako presidenteak azaldu du "Libano eta Israel arteko eskala handiko gerra batek" ez liokeela "inori mesede" egingo. Diplomaziari esku-hartzeko aukera emateko eskatu du, gatazka bideratzeko. "Egoeraren larritasuna areagotu egin bada ere, konponbide diplomatikoa posible da", esan du.

Bideoak (1)