Ekialde Hurbila
Nasrallahren heriotzaren aurrean erreakzionatu du munduak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bestea beste, Libano, Iran, Hamas, Israel, Errusia, AEB eta Turkia dira Libanon Hezbollah alderdi-miliziaren buruzagi gorena hil ondoren berehala erreakzionatu duten potentzietako batzuk.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Israelek Hezbollah talde xiitako buru Hassan Nasrallah hil du bart Beiruten egindako erasoetan, eta alderdi-milizia libanoarrak baieztatu ostean, bata bestearen atzetik etorri dira errakzioak, bai inguruko herrialdeetatik, bai urrunagokoetatik.
Najib Mikati Libanoko lehen ministroak gaitzetsi egin du Hassan Nasrallahren erailketa, eta "batasuna" eskatu du Israelek Libanoren aurka duen "gerra genozidari" aurre egiteko.
"Gure batasuna da gaur, nazioaren bizitzako une erabakigarri hauetan, Israelen erasoari eman diezaiokegun erantzunik indartsuena", esan du Mikatik Ministroen Kontseiluan, New Yorkeko NBEko Batzar Nagusitik aurreikusi baino lehenago itzuli ostean egindako agerraldian.
Libanoko Gobernuak hiru dolu egun ofizial izendatu ditu irailaren 30etik aurrera, eta aurreratu du Hezbollahko buruzagiaren hiletan "lan guztiak" geldituko direla herrialdean, baina ez du zehaztu hiletak noiz izango diren.
Hezbollahren aliatu garrantzitsua den heinean, Iranek Nasrallah goraipatu, eta haren bideari eutsiko diola adierazi du.
"Erresistentziako buruaren bide loriatsuari jarraituko diogu, eta Jerusalem askatzeko helburua beteko dugu, Jainkoa lagun", idatzi du Irango Atzerri Ministerioko bozeramaile Nasser Kanaanik X sare sozialean duen kontuan.
Masud Pezeshkian Irango presidenteak esan du "gerra krimena" eta "Estatu terrorismoa" direla Israelek Beiruten egin dituen bonbardaketak.
"Erregimen sionistak palestinarren eta libanoarren aurka egindako krimenek agerian uzten dute nazioarteak porrot egin duela Estatu terrorismoaren makineria geldiarazteko", adierazi du Pezeshkianek azken orduotan kaleratutako ohar batean.
Irango presidenteak esan du bonbardaketa horien egilea dela "eskualdeko eta nazioarteko segurtasunaren eta bakearen mehatxu handiena", eta "krimena gaitzesteko" deia egin die munduko herrialde guztiei, islamikoei bereziki.
Pezeshkianek "Erresistentziaren ardatza" babestu du, Teheran buru duena eta, besteak beste, Hamas eta huthiak barne hartzen dituena.
Hezbollahk Nasrallahren heriotza baieztatu baino lehentxeago, Ali Khamenei Irango buruzagi gorenak esan du Israel "txikiegia" dela mugimendu libanoarrari kalte adierazgarriak egiteko.
"Kriminal sionistek jakin beharko lukete txikiegiak direla Hezbollahren egiturari kalte egiteko", berretsi du Khameneik ohar batean.
Hamasen esanetan, buruzagi "are indartsuago" batek hartuko du Nasrallahren lekua
Hamas mugimenduak atsekabez hartu du heriotzaren albistea, baina buruzagi berri "are indartsuagoak eta ausartagoak" iritsiko direla esan du.
"Doluminak agertu nahi ditugu, eta Libanoko herriari, Hezbollahko anaiei eta Libanoko erresistentzia islamiarrari elkartasuna adierazi". Hitz horiekin hasi du Israelen "eraso basatia" gaitzesteko kaleratu duen oharra.
Israelek ohartarazi du gerra ez dela amaitu
Israelgo Defentsa Indarren bozeramaile Daniel Hagarik, bestalde, ohartarazi du Hezbollahren aurkako eraso militarrak ez direla bukatu Nasrallahren heriotzarekin.
"Hau ez da amaitu, Hezbollahk gaitasun handia dauka oraindik", esan du Hagarik adierazpen batean.
Nasrallahren heriotzaren berri pozik hartu du, eta nabarmendu du hainbat hamarkadatan Israelen "etsai handienetakoa" izan dela, eta mehatxua zela herritarrentzat. "Haren heriotzak mundu seguruago batera garamatza", azpimarratu du.
Errusiak Nasrallahren "hilketa politikoa" gaitzetsi du
Errusiak irmotasunez gaitzetsi du "hilketa politikoa", eta ziurtatu du "ondorio izugarriak" izango dituela.
"Irmoki gaitzesten dugu Israelek egindako hilketa hau ere", adierazi du Atzerri Ministerioak ohar batean, eta erantsi du eraso horrek "ondorio larriak" izan ditzakeela Libanon eta Ekialde Hurbil osoan.
Israelek Libanon erabilitako "politika genozidak" salatu ditu Erdoganek
Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek salatu du Israel "politika genozidak" erabiltzen ari dela Libanon, nahiz eta ez dituen Hezbollah eta horren buru zena (Hassan Nasrallah) zuzenean aipatu.
"Libano eta libanoarrak Israelen politika genoziden, okupazioaren eta inbasioaren helburu berria dira", esan du X sare sozialean.
Nasrallahren heriotza "biktimentzako justizia neurria" dela uste du Bidenek
Joe Biden AEBko presidenteak larunbat honetan adierazi duenez, Nasrallahren heriotza "justizia neurria da bere biktima askorentzat, baita milaka zibil estatubatuar, israeldar eta libanoarrentzat ere".
"Hassan Nasrallah eta hark zuzentzen zuen Hezbollah talde terrorista, ehunka estatubatuar hiltzearen erantzule izan ziren lau hamarkada inguru iraun zuen terrorezko agintaldi batean", adierazi du Bidenek, Etxe Zuriak igorritako ohar batean.
"AEBk erabat babesten du Israelek bere burua defendatzeko duen eskubidea, izan Hezbollahrengandik, Hamasengandik, huthiengandik edo Iranek babestutako beste edozein talde terroristaregandik", gaineratu du.
Guterres, "biziki kezkatuta" Libanoko egoerarekin
Munduko beste hiriburuetan izandako erreakzioen kontrara, Guterresek ez du Nasrallahren hilketa gaitzetsi, eta ez du Israel aipatu bonbardaketen egiletzat, nahiz eta Benjamin Netanyahuren gobernuak hala onartu.
Segurtasun Kontseiluak 2006an onartu zuen Libanori buruzko 1.701 ebazpena osorik aplikatzeko eskatu die aldeei, horren etengabeko urraketek –bai Israelen bai Hezbollahren partetik- paper busti bihurtzen dutelako, eta inolako ondoriorik gabe gainera.
Bestalde, Israelek Nasrallahren aurka egindako "eraso koldar eta basatia" gaitzetsi du Siriak ere, Atzerri Ministerioak ohar batean jakinarazi duenez. "Ekintza arbuiagarri honek agerian uzten du, berriro ere, Israelen traizioa, izaera koldar eta terrorista, balio moralik eza eta nazioarteko legeekiko basakeria eta mespretxua", adierazi du.
Bestalde, Mahdi al Mashat Yemengo huthiek ezarritako Kontseilu Politiko Goreneko presidenteak hiru dolu egun iragarri ditu Nasrallahren "martirioagatik".