Itxi

EKONOMIA

Nekazaritzako G7ak elikadura sistema jasangarriak indartzearen alde egin du

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

AEBko, Erresuma Batuko, Alemaniako, Frantziako, Kanadako, Japoniako eta Italiako Nekazaritza ministroek hiru eguneko goi-bilera egin dute Italian. Amaierako testuan, besteak beste, zientzia eta berrikuntza bultzatzearen beharra nabarmendu dute, "klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko".

G7ko nekazaritza ministroak Siracusan. Argazkia: EFE

G7a osatzen duten herrialdeetako Nekazaritza ministroek hiru eguneko bilera amaitu dute larunbat honetan Italian. "Nekazaritza elikadura sistema jasangarrien bidez indartzeko konpromisoa" hartu dute, baita zientzia edo berrikuntza ekimen gehiago bultzatzeko ere, "klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko".

Horiek izan dira G7ko estatuetako (AEB, Erresuma Batua, Alemania, Frantzia, Kanada, Japonia eta Italia) Nekazaritzako buruek elkarrekin kaleratu duten adierazpenaren funtsezko puntuak. Hiru egunez bilduta izan dira Italian, Sirakusa hirian, munduko nekazaritza egoeraren gatazka nagusiak aztertzeko.

Azken adierazpenean, "elikadura sistema errentagarri, erresiliente, ekitatibo eta jasangarrien" bidez "nekazaritza indartzeko" bideak aurkitzeko beharraz hausnartu dute.

Era berean, "belaunaldi gazteenak aldaketaren eragile eta protagonista" izateko beharra nabarmendu dute.

Bestalde, "arrantza jasangarria" eta akuikultura sustatzearen alde egin dute, elikagaien segurtasuna areagotzeko modu gisa.

"Afrikako nekazaritzaren eta elikadura sistemen garapenari egiten dioten ekarpena areagotzeko" konpromisoa ere agertu du G7ak. Izan ere, Afrikako egoera izan da goi-bileraren ardatzetako bat.

"Badakigu nekazaritza oparoa eta erresilientea biodibertsitatearen mende dagoela", esan dute G7ko ministroek, eta "biodibertsitatea errespetatzen duten jardunbideen aplikazioa nabarmen handitu" behar dela azpimarratu dute.

Halaber, "ekoizleek tresna ezberdinak eskura" izan behar dituztela ere esan dute, "metodo tradizionalak, teknologia berriak eta ikuspegi berritzaileak barne, hala nola agroekologia", "jasangarritasuna, erresilientzia eta produktibitatea hobetzeko", G7aren hitzetan.

"Elikagai kulturak, landa paisaiak eta nekazaritza aniztasuna mantentzen" lagundu dezaketen erremintak direla gaineratu dute, baita "nekazaritzako elikagaien kalitatea hobetzen eta tokiko ekoizpena indartzen" ere.