Itxi

HAUTESKUNDEAK

Hauteskunde eguna dute igande honetan Austrian, eskuin muturra garaipenaren atarian dela

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Askatasunaren Alderdia da faborito, demokristauengandik oso gertu, baina arazoak izango ditu gobernua osatzeko.

Karl Nehammer Austriako Alderdi Popularreko hautagaia, bozkatzetik ateratzen. Argazkia: EFE

Sei milioi austriar baino gehiago daude igande honetan hauteskundeetan parte hartzera deituta, eskuin muturrak garaipena lor dezakeen bozketan. Ikusteko dago Askatasunaren Alderdiak (FPO) ekaineko Europako hauteskundeetan lortutako emaitza onak errepikatuko dituen ala ez, baina faborito da, botoen % 27 jasoko baititu, inkesten arabera.

Galdeketek iragarritakoa betez gero, bigarren geratuko lirateke OVPko demokristauak, bi puntura, Karl Nehammer kantzilerraren buruzagitzapean. Berdeekin osatu zuen gobernua aurreko hauteskundeen ostean, eta kanpainaren azken egunera arte argi utzi du ez duela akordiorik egingo eskuin muturrarekin.

Datu horien aurrean, FPO da faborito nagusi, baina litekeena da arazo handiak izatea gobernua osatzeko.

Bi alderdi horien atzetik geratuko lirateke SPO sozialdemokrata, botoen % 21ekin, Berdeak, NEOS-Austria Berria eta Foro Liberala, botoen % 9rekin. Ondoren geratuko lirateke Alderdi Komunista eta Garagardoaren Alderdia (BIER), % 3ko babesarekin. Azken horren burua Marco Pogo punk-rock talde ezagun baten abeslaria da, "garagardokrazia" defendatzen duena eta presidentetzarako hauteskundeetan botoen % 8 eskuratu zituena.

Europako beste herrialde batzuetan gertatu bezala, eskuin muturrak etorkinak eta Ukrainako gerra egin ditu arazo ekonomikoen erantzule. Gainera, Gobernuak azkenaldian jaso dituen porrotak eta ustelkeria kasuak baliatu ditu gora egiteko.

Dena den, eskuin muturra lehen postuan geratuta ere, emaitzak Nehammerren esku utziko luke koalizio gobernu bat sortzeko aukera, Kickl buru izango lukeen gobernu bat baino errazago izango lukeelako. Kickl Barne ministro izan zen 2017tik 2019ra OVPk gidatutako gobernuan, 'Ibiza kasua' dela-eta eztanda egin zuen arte.

Litekeena da hauteskundeen ostean osatuko den gobernuak energia arazo handiei aurre egin behar izatea, Austriak Errusiako gasarekiko mendekotasuna baitu, eta gai hori pil-pilean dago Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik.

FPO Moskurengandik gertuen dagoen alderdia da, eta akordioak bilatuko lituzke Errusiarekin eta zaildu egingo luke Ukrainarekiko harremana. Alderdiak elkarlanerako akordioa sinatu zuen Errusia Batua alderdiarekin, Vladimir Putin Errusiako presidentearen alderdiarekin.

Viktor Orban Hungariako lehen ministroak behin eta berriz erabili du beto eskubidea Ukrainari laguntza militarrik ez bidaltzeko, eta harreman estua du FPOrekin Europako Parlamentuan. Askorentzat Kicklek jarraitzen duen eredua islatzen du Orbanek.