KRISIA EKIALDE HURBILEAN
Israelgo Armadak Beirut erdigunea bonbardatu du, lehen aldiz
EITB Media
Libanoko hiriburuko Cola barrutiaren aurkako erasoan, Palestinako Fronte Popularreko hiru kide hil dira, gutxienez. Israelen oldarraldia hasi zenetik, milioi bat desplazatu baino gehiago zenbatu dituzte Libanon, bertako lehen ministroaren arabera.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Israelek Libanoren kontrako erasoak gogortzea erabaki zuenetik, Beirut hiriburuaren erdigunea bonbardatu du lehen aldiz, igandetik astelehenerako goizaldean. Orain arte, Hezbollahren gotorleku den hiriaren hegoaldean egin ditu erasoak, batik bat. Bart, ordea, Cola barrutiko etxebizitza eraikin baten aurka egin du eta Palestinako Fronte Popularreko hiru kide hil ditu gutxienez, fakzio palestinarrak ohar bidez jakinarazi duenez.
Ohi duenez, Israelgo Armadak ez du azken erasoaren inguruko xehetasunik eman. NNA Libanoko albiste agentziak zabaldutako informazioaren arabera, Israelgo drone batek Cola barrutiko eraikin baten bosgarren pisua jo du.
Igandean gutxienez 105 pertsona hil ziren Israelek Libano hegoaldeko eta ekialdeko hainbat guneren aurka egindako bonbardaketetan, herrialdeko Osasun ministroak emandako datuen arabera.
Halaber, Israelen oldarraldia hasi zenetik, milioi bat desplazatu baino gehiago zenbatu dituzte Libanon, bertako lehen ministroaren arabera.
Hezbollahk gezurtatu egin du Hashim Safi al-Din izango dela Hassan Nasrallahren ordezkoa
Asteburuan Israelgo Armadak Hezbollahko buruzagia hil ostean, ordezkoa nor izango ote den jakiteko espekulazioak hasi dira.
Al Arabiya eta Al Hadath hedabideek zabaldutako informazioen arabera, Hashim Safi al-Din izango da Nasrallahren ordezkoa. Hala ere, azken orduetan Hezbollahk gezurtatu egin du hedabideok emandako informazioa.
Hamasek Libanon duen buruzagia hil du Israelek
Israelek Hamas kolpatzen jarraitzen du, oraingoan, Libanon; hil egin baitu Hamasek Libanon duen buruzagia —Fatah Sharif Abu Al Ami—, herrialdearen hegoaldean egindako erasoan. Halaber, emaztea, semea eta erraina ere hil ditu.