Epaiketa Frantzian
Marine Le Pen eta 26 alderdikide akusatuen aulkian, 6,8 milioi euro bidegabe erabiltzea egotzita
Agentziak | EITB Media
Europako Parlamentuko dirua alderdia finantzatzeko erabiltzea egotzi diote eskuin muturreko buruzagiari. 10 urteko kartzela zigorra, milioi bat euroko isuna eta 10 urteko gaitasungabetzea ezar diezazkiokete. Epaiketak ezerezean utz lezake bere ibilbide politikoa.
Marine Le Pen Frantziako eskuin muturreko buruzagia akusatuen aulkian jesarriko da gaurtik hasita, Europako Parlamentuko 6,8 milioi euro bere alderdia finantzatzeko erabiltzea egotzita. Epaiketak kolokan jarri lezake Frantziako hauteskundeetara laugarrenez aurkezteko aukera.
Epaiketa gaur abiatuko da, 13:30ean, eta hurrengo zazpi asteotan egingo dute.
Le Penekin batera, Bilgune Nazionaleko 26 kide daude akusatuta, denak ere diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik. Delituak 2004. eta 2016. urteen artean jazo ziren, eta Fiskaltzaren arabera, berez europarlamentarien aholkularientzat zen dirua alderdia bera finantzatzeko erabili zuten. Besteak beste, honako hauek daude auzipetuen artean: Marine Le Penen ahizpa, bere aholkularietako bat, Louis Aliot bikotekide ohi eta Perpiñango alkatea, eta Jean Marie Le Pen aita eta Fronte Nazionaleko sortzailea daude. Azken hori ez da epaiketan izango, osasun arazoak tarteko.
10 urteko kartzela zigorra, milioi bat euroko isuna, eta 10 urteko gaitasungabetzea ezar diezazkiokete. Zigortuko balute, Le Pen ezingo litzateke aurkeztu 2027ko bozetara.
Le Penek akusazio guztiak ukatu ditu, eta "justiziak jazarri" duela salatu du. Horren ustez, "boterera heltzea saihestu nahi dute". Bilgune Nazionalak inoizko ordezkaritza handiena (143 eserleku) eskuratu zuen Frantziako legebiltzarreko hauteskundeetan, hirugarren alderdi bozkatuena izan bazen ere.
Buruzagi ultraeskuindarraren gertukoen arabera, epaiketan egon egongo da, bere jardun politikoa handia bada ere.
10 urteko ikerketa
Ikerketa 2014an hasi zuten Frantziako justiziak eta Iruzurraren kontrako Europako Bulegoak, eta urteotan ia 2.500 proba bildu dituzte. Urte hartan, orduko Fronte Nazionalak (gerora Bilgune Nazionala bihurtu zena) Europako hauteskundeak irabazi zituen Frantzian, eta 24 ordezkari eskuratu ganberan.
Europarlamentari bakoitzak 23.000 euro zituen hilero aholkulariak kontratatzeko. Bada, Fiskaltzaren arabera, dirutza alderdia finantzatzeko eta kideen nominak ordaintzeko erabili zuten. Fronte Nazionalak krisi ekonomiko latza gainditzea lortu zuen modu horretara (Parisen zuen egoitza historikoa saldu behar izan zuten, hori bai).
Fiskaltzak Jean-Marie Le Pen orduko liderra—30 urtez izan zen europarlamentari— jarri du amarruaren buru, baina zehaztu Marine alabak sistemari eutsi ziola.
Akusazioaren arabera, Le Penek Europako ganberako dirua erabili zuen bere kabinete buruaren eta bizkartzainaren soldatak ordaintzeko. Bien bitartean, ustez europarlamentarien aholkulariak zirenak apenas zapaldu zuten Estrasburgo.