Borrokan Libanon
Gatazka "hedatu" dela eta, Ekialde Hurbilean "giza hondamendia" egoteko arriskuaz ohartarazi du NBEk
Agentziak | EITB Media
Erakundeak gogorarazi duenez, azken bi asteotan 1.000 pertsona baino gehiago hil dira Libanon, eta milioika lagunek etxea utzi behar izan dute. Aldeei dei egin die "helburu militar eta zibilak argi eta garbi bereizteko".
Nazio Batuen Erakundea (NBE) oso kezkatuta azaldu da gaur Ekialde Hurbilean gaztaka "hedatu" delako, eta ohartarazi du eskualde hori "giza hondamendi" baten atarian egon daitekeela. "Gatazka are gehiago gaiztotzearen aukera benetakoa da", erantsi du, Israelek Libanon lurreko inbasioa hasi duen honetan.
"Oso kezkatuta gaude Ekialde Hurbileko gatazka hedatu delako, eta horrek eskualde osoa giza hondamendian murgil dezakeela eta", adierazi du Liz Throssel NBEren Giza Eskubideen Bulegoko kideak.
Salatu duenez, zibilentzat "ondorio ikaragarriak" izan ditu jada Israelen eta Hezbollah talde xiitaren arteko "indarkeria armatuak", eta gogora ekarri du, azken bi asteotan 1.000 pertsona hil direla eta milioi bat desplazatu daudela.
"Iraila baino lehen, Libanoko dozenaka mila etxetan kalteak zeuden Israelek egindako bonbardaketen ondorioz", gogorarazi du. Zehaztu du, esaterako, Libanoko erietxeen % 10 itxita daudela.
Horren ildotik, jakinarazi du 41 osasun langile hil direla eta 111 zaurituta daudela, iazko urritik. "Azken bi egunotan, 14 dira hildakoak", esan du. Gainera, 25 ur azpiegitura kaltetuta daudela gaineratu du: "Horrek zuzenean eragiten die 300.000 pertsonari".
"Eskola eta haur-eskola asko itxita daude, eta 300 bat aterpetxe bihurtu dituzte. Israelgo iparraldean eta Zisjordania iparraldean sirenak entzun dira, eta herritarrei babeslekuetan egoteko eskatu zaie", jakinarazi du.
Azkenik, Throssellek esan du "kezkagarriak" direla, orobat, Yemengo huthien eta Israelen arteko borrokak.
Hori horrela, alde guztiei dei egin die "helburu militar eta zibilak argi eta garbi bereizteko".