Itxi

NATO

Industriak NATOrentzat arma gehiago ekoitz ditzala nahi du Ruttek

Agentziak | EITB Media

Idazkari nagusi berriak azaldu duenez, aliatuak dagoeneko ari dira "aspaldiko hamarkadetan sortu dutena baino jaurtigai, itsasontzi eta misil gehiago sortzen", baina areago joateko eskatu du.

Mark Ruttek urriaren 1ean hartu du Jens Stoltenbergen lekua NATOn. Argazkia: EFE.

NATOko idazkari nagusi berri Mark Ruttek aliantzako armagintza industriak gerrarako material gehiago eraiki dezala eskatu du, kargua hartu berritan egin duen lehen prentsaurrekoan.

"Sektoreko enpresa handiek lan-txanda gehiago egin ditzatela behar dugu", esan du. "Astean zehar bost edo sei txanda egin behar dira, baita asteburuetan ere, behar ditugun misilak eta gainerako material guztia ekoitzi ahal izateko", gaineratu du.

Rutteren hitzetan, aliatuak dagoeneko ari dira aspaldiko hamarkadetan baino gehiago ekoizten, "jaurtigai, itsasontzi eta misil gehiago egiten ari dira". Hala ere, "urrunago" joateko eta "azkarrago" lan egiteko eskatu die.

Herbeheretako lehen ministro ohiaren lehentasuna da "NATO indartsu mantentzea eta, mehatxu guztien aurrean, gure defentsak eraginkorrak eta sinesgarriak izatea".

Horrez gainera, Ukrainiari eman beharreko babesa handitzea eta herrialde hori NATOra gerturatzea nahi du.

Eta hirugarren lekuan, munduan zehar dituzten elkartasun aliantzak indartzea jarri du.