Ekialde Hurbila
Libano hegoaldeko borroketan zortzi soldadu hil direla baieztatu du Israelek
Agentziak | EITB Media
Hezbollahren eta Israelen arteko borrokek ez dute etenik. Israelek, gainera, Ekialde Ertaineko edozein puntu erasotzeko aukerarekin mehatxatu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Libano hegoaldea gerra-eremu bihurtuta dago. Hezbollah milizia xiitaren eta Israelgo Armadaren arteko borrokek ez dute etenik. Hezbollahren esanetan, Libano hegoaldean sartu diren tropa israeldarrei kontraerasoa egiten ari zaie, eta tanke eta helikopteroen aurka jaurtigaiak botata israeldarren lerroetan bajak sortu dituela jakinarazi du.
Bestalde, Israelek asteartean egindako erasoaldian parte hartu zuten zortzi soldaduren heriotza baieztatu du. Libanoko lurraldean 2006ko gerraz geroztik hildako lehenak dira.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak esan du "Irango gaizkiaren ardatzaren aurkako gerran" dagoela murgilduta herrialde osoa. Soldaduen heriotzagatik doluminak eman ostean, ebakuatutako guztiak "euren etxeetara itzultzea" lortuko dutela esan du.
Israelgo Armadako Estatu Nagusiko buruak, Herzi Halevi teniente jeneralak, berriz, ziurtatu du Israelek erantzun egingo diola Iranek 180 misil Israelera jaurtita egin zuen erasoari eta bere Armadak "Ekialde Hurbileko edozein puntura heldu eta kolpatzeko gaitasuna" duela argi utzi nahi izan du.
Nazioarteko erantzuna
G7ko herrialdeetako ordezkariek premiazko bilera egin dute, Ekialde Hurbileko egoera aztertzeko. "Azken orduetako gatazkaren indartzeagatik kezka handia" agertu dute, eta ohartarazi dute "eskualdeko gatazka bat ez zaiola inori interesatzen".
Hori dela eta, "irtenbide diplomatiko" baterantz joatearen alde egin dute, "oraindik posible" dela uste baitute.
Egoera horren erdian, Europako herrialdeek herritarren ebakuazio planak jarri dituzte abian. Espainiak hiru hegazkin militar bidaliko ditu ostegunean Beirutera, herrialdean bizi diren 380 espainiar ebakuatzeko. Beste nazionalitate batzuetako herritarrak ateratzen ere lagun lezaketela esan du Gobernuak.
Era berean, Alemaniak eta Erresuma Batuak bidali dituzte euren herritarrak Libanotik ateratzeko lehen hegazkinak.