Itxi

Nazio Batuen Erakundea

Guterresek Ekialde Hurbila "inguratzen duen indarkeria amaitzea" eskatu du

Agentziak | EITB Media

Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak Hamasek urriaren 7an Israelen egindako eraso "higuingarriak" gaitzetsi ditu berriro, baina orduz geroztik Israelek egindako eraso etengabeak ere deitoratu ditu.

Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia. Irudia: AP

Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak Ekialde Hurbila "inguratzen duen indarkeria amaitzeko" eskatu du, eta itxaropenari eusteko eskatu dio nazioarteari. Era berean, urriaren 7ko "ekintza higuingarriak ozen gaitzetsi" ditu berriro, Hamasek egindako erasoen lehen urteurrenaren bezperan.

"Urriaren 7ko erasoak orbainak utzi zituen arimetan, eta gaur egun hartan euren bizitzak, besterik ez, bizi zituzten bitartean modu basatian erail eta indarkeria deskribaezina jasan zuten guztiak gogoratzen ditugu (...). Urriaren 7a egun latz horretako gertakarietan zentratzeko eguna da, noski", azpimarratu du Guterresek, egun hartatik eskualdeak bizi duen "indarkeria olde ikaragarria" eta "odolustea" deitoratuz.

Gainera, NBEko idazkari nagusiak salatu egin du Israelek gertakari "lazgarri" haien ostean etengabe egin dituen erasoek gaur jarraitzea, "Gazako palestinarrei eta orain Libanoko herriari bizitzak txikituz eta giza sufrimendu sakona eraginez".

Halaber, NBEko ordezkariak "preso jarraitzen duten bahituek eta haien senideek egunero jasan behar izaten duten tortura" salatu du berriro, eta atxikita jarraitzen duten pertsona guztiak "berehala eta baldintzarik gabe askatzeko" eskatu du.

Testuinguru horretan, Guterresek ondorioztatu du "Ekialde Hurbileko sufrimenduari eta indarkeriari amaiera ematea" dela "biktimen memoria ohoratzeko" modurik onena, eta NBEren konpromisoa berretsi du, "gatazkari konponbide iraunkorra emateko, Israel, Palestina eta eskualdeko gainerako herrialde guztiak bakean, duintasunean eta elkarrekiko errespetuan bizi ahal izateko".