Ekialde Hurbila
Iranek bertan behera utzi ditu bere aireportuetako hegaldi guztiak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Igandeko 21:00etatik asteleheneko 06:00ak arte ez da hegaldirik izango, "jarduteko arazoak" tarteko.
Irango Abiazio Zibileko Erakundeak gaur, igandea, iragarri du bertan behera utzi dituela gaurko 21:00etatik biharko 06:00ak arte aurreikusitako hegaldi guztiak, "jarduteko arazoak" tarteko, Israelen balizko eraso batek eragin duen tentsioaren erdian.
Asteartetik "zaildu" egin da egoera, Iranek Hezbollahko burua zenaren (Hassan Nasrallah), Beiruteko jeneral irandar baten eta Hamaseko buruzagi politikoaren (Ismail Haniyeh) hilketei erantzunez, Israeli eraso zionetik.
Kontraeraso horren ostean ere, Iranek bertan behera utzi zituen hegaldi guztiak. Ostegunean, baina, "bidaiatzeko baldintzak bermatuta" zeudela iritzita, jarduna berreskuratu zuten Irango aireportuek.
Bien bitartean, Israelek erantzun gogorra iragarri du. Petrolioaren sektorea da horren helburuetako bat, herrialde persiarrari egin diezaiokeen kaltearen jakitun, Israelgo komunikabideen arabera.
Irango buru Ali Khameneik, fusil bat eskuan zuela, ostiralean esan zuen Israelen kontrako erasoa eman ziezaioketen "zigorrik txikiena" dela.