Itxi

Ekialde Hurbila

Israelek beste ospitale eta eskola bati eraso die Gazan, eta gutxienez 18 pertsona hil ditu

Agentziak | EITB Media

Yabaliako Al Yamin Al Sayed ospitalearen aurkako bonbardaketak 80 zauritu baino gehiago utzi ditu. Yabalian ere beste bi eraso izan dira, horietako bat eskola baten aurka, eta zortzi pertsona hil eta 25 zauritu dituzte. Gainera, Israelgo frankotiratzaile batek kazetari bat hil du eremu berean.

Israelek gaur Khan Younisen (Gaza) egindako beste eraso bat. Argazkia: EFE

Gutxienez 15 palestinar hil ditu gaur Israelek Gaza iparraldeko Yabalia errefuxiatu-eremuko Al Yamin Al Sayed ospitalearen aurka egindako bonbardaketa batean, Gazatarren Defentsa Zibilaren arabera.

Yabaliako Al Awda ospitaleak 18 zauritu artatu ditu bonbardaketa horren ondorioz, Mohamed Salha jarduneko zuzendariak jakinarazi duenez.

Israelen erasoaldiek Gaza iparraldeko lau ospitale nagusien inguruetan jarraitu dute. Gaur goizean 300 ospitaleratu baino gehiago zeuden Al Yamin Al Sayeden, horietako 80 zainketa intentsiboetan.

"Zaurituak 80 baino gehiago izan daitezke", gaineratu du Salhak. Tokiko kanal palestinarretan zabaldutako bideoek errefuxiatu-eremua suntsituta eta kiskalita dagoela erakusten dute. Gazatarren Defentsa Zibilak jakinarazi duenez, zauritu gehienak Kamal Adwan ospitalera eraman dituzte.

Erasoa gertatu eta gutxira, larrialdi zerbitzuek bost gorpu berreskuratu dituzte Yabalian, hegazkinek Bahader izeneko familia baten etxebizitzaren kontra egindako erasoan hildakoak.

Bestalde, Ilargi Gorriak jakinarazi duenez, hiru pertsona hil dituzte eta 25 zauritu, haurrak barne, Yabalia al Balad inguruan zegoen eskola baten aurkako erasoan. Bost egunean Israelgo Armadak 125 pertsona inguru hil ditu Yabalian, Gazako Gobernuak gaur adierazi duenez.

Israelgo frankotiratzaile batek kazetari bat hil du

Yabalian ere, soldadu israeldar batek Mohamed al Tanani kazetari palestinarra tirokatu eta hil du. Al Tananik Al Aqsa kanalean lan egiten zuen, eta beste kazetari batzuekin zegoela , Yabaliako Abu Sharj bidegurutzean, frankotiratzaile israeldar batek tiro egin dio, Palestinako komunikabideek jakitera eman dutenez.

Era berean, drone batek Tamer Labad eta Fadi al Wheidi kazetariak, azkena Al Jazeera kateko langilea, zauritu egin ditu, eta ospitalera eraman dituzte biak. Kazetari horiek guztiak Yabaliako errefuxiatu-eremuan zeuden lanean.

"Gazako Zerrendan genozidio-gerra hasi zenetik 176 informatzaile hil dira", azaldu du Zerrendako Gobernuak, ohar batean.

New Yorken egoitza duen Kazetariak Babesteko Batzordearen (CPJ, ingelesezko sigletan) arabera, iazko urriaren 7tik komunikabideetako 128 langile hil dituzte eta 69 espetxeratu. Israelek Gazan egindako erasoaldiak "KBBk dokumentatutako beste edozein gatazkak baino kazetari gehiago hil ditu urtebetean", salatu dute webgunean.

Halaber, Palestinako errefuxiatuentzako NBEren Agentziak (UNRWA), erasoen ostean, zazpi eskola hustu behar izan dituztela iragarri du. Eskola horiek Zerrendako iparraldeko hainbat gunetatik ihes egindako pertsonak babesten zituzten. UNRWAk, era berean, salatu du Israelen erasoaldi berriak "bizitzak salbatzen dituzten zerbitzuak" bertan behera uztera behartu duela. Gainera, erasoen ondorioz, Yabaliako errefuxiatu-eremuko zortzi ur-putzuetatik bi baino ez daude erabilgarri. 200.000 gazatar inguruk jarraitzen dute eremu horretan.

Bestalde, Israelgo Armadak (FDI) bost palestinar hil ditu Nablusen, Zisjordania iparraldean. FDIek ziurtatu dute "terroristak" zirela.

Aurretik, Armadak palestinar bat hil du Aqaba hirian, Tubas iparraldean, bere etxebizitza inguratu ostean. Israelgo segurtasun indarrek eta kolonoek 750 palestinar inguru hil dituzte eta 6.250 baino gehiago zauritu Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean, iazko urriaren 7tik.