Itxi

Ekialde Hurbila

Israelek gutxienez 25 pertsona hil ditu Gazako ikastetxe baten eta ospitale baten aurka egindako erasoetan

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Gazako iparraldea, batez ere Yabaliako errefuxiatu-eremua, duela hamar egunetik setiatuta du Israelgo Armadak. Tarte horretan, 342 pertsona baino gehiago hil dituzte. Bertako herritarrek aurre egin behar diote azken urteko hirugarren erasoaldiari, Hamaseko milizianoak zokoratzeko aitzakiapean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Israelgo Armadak Gazako ikastetxeak eta ospitaleak bonbardatzen eta zibilak hiltzen jarraitzen du. Nuseirat errefuxiatuen kanpalekuko ikastetxe bat eta Al Aqsa ospitalea bonbardatu ditu bart, Gazako zerrendaren erdialdean, eta gutxienez 25 hildako eta 120 zauritu eragin ditu.

Gazako agintariek jakitera eman dutenez, Israelgo Armadak 22 pertsona hil ditu —tartean, 15 haur— eta 80 zauritu Nuseraiteko errefuxiatu gunearen aurka egindako erasoan. Gazako Gobernuaren arabera, bonbardatutako eremua ez dago Israelgo Armadak borroka gune izendatutakoen artean, eta jakin bazekien milaka desplazatu zeudela ikastetxean babes hartuta.

Bestalde, hiru pertsona hil eta berrogei zauritu dira Al Aqsa ospitale barruan jarritako kanpin denden aurka egindako erasoan. Israelgo Armadak toki hori bonbardatzen duen zazpigarren aldia da (urtarrilean, martxoan, uztailean, abuztuan eta bi aldiz irailean).

Hamar eguneko setioa Yabalian

Gainera, Israelek gutxienez beste hiru palestinar hil eta beste lau zauritu ditu astelehen gauean Hafsa al Fawqa ikastetxearen aurka egindako erasoan, Yabaliako errefuxiatu-eremuan, Gazako iparraldean. Zerrendako iparraldea duela hamar egunetik setiatuta du Armada sionistak.

Hamar egun horietan 342 pertsona baino gehiago hil dituzte. Bertako herritarrek, izututa eta nekatuta, aurre egin behar diote azken urteko hirugarren erasoaldiari, Hamaseko milizianoak zokoratzeko aitzakiapean.

"Gerra barruko genozidio bat da", deitoratu du bideo-dei batean Mohamed Salha Yabaliako Al Awda ospitaleko jarduneko zuzendariak.

Eraso horien aurrean, Hamasek dei egin die nazioarteko komunitateari eta Nazio Batuen Erakundeari, erantzukizun juridikoak eta moralak bere gain hartzeko eta Israelen erasoaldia etenarazteko neurriak onar ditzaten.

Josep Borrell Europar Batasunak Kanpo Politikarako duen goi-ordezkariak aurreratu duenez, datorren azaroan egingo den Atzerri ministroen bileran, bere agintaldiko azkenekoan, estatu kideei eskatuko die azter dezatela Israelek giza eskubideen arloan duen konpromisoa urratzen ari den ala ez, Europako blokearen eta Tel Aviven arteko harremanak arautzen dituen akordioaren esparruan.

Hezbollahk lau soldadu israeldar hil ditu dronekin egindako eraso batean

Hezbollah milizia xiitak igandean Israelen base militar baten aurka egindako erasoan (Haifa eta Tel Aviv artean) lau soldadu hil eta 60 inguru zauritu ditu.

Daniel Hagari armadaren buruak azaldu duenez, zaurituetako zazpi larri daude, eta, ondorioz, litekeena da hildakoen kopuruak hurrengo orduetan gora egitea. Hezbollahk, bere aldetik, bere gain hartu du erasoa. Horren esanetan, Israelek erasoekin jarraitzen badu espero behar duenaren "zati txiki bat" baino ez da izan azken erasoa.

Bideoak (1)