Osasun publikoa
Langabe gizenei argaltzeko injekzioak ematea aztertzen ari da Erresuma Batua, lanera itzul daitezen
Agentziak | EITB Media
Gobernu laboristaren arabera, loditasunak 11.000 milioi liberako kostua dakarkio urtero osasun publikoari, tabakoak baino gehiago. "Ekonomiarentzat oso garrantzitsua da, jendeak lanera itzultzeko modua izan dezan", esan du Starmerrek.
Langabe lodiei argaltzeko injekzioak errezetatzea aztergai du Erresuma Batuko osasun publikoak, beharrera itzultzeko modua izan dezaten. Keir Starmer lehen ministro britaniarraren arabera, "ekonomiarentzat oso garrantzitsua da".
"Uste dut botika hori oso garrantzitsua izan daitekeela gure ekonomia eta osasunarentzat. Sendagaia oso baliagarria izango da argaldu nahi eta behar duten pertsonentzat. Ekonomiarentzat oso garrantzitsua da, jendea lanera itzul dadin", azaldu dio Keir Starmer lehen ministroak BBC kateari.
Argaltzeko ziztada horiek garestiak dira oso, eta soilik osasun arazo larriak dituzten edo diabetesak jotako lodiei errezetatzen dizkie osasun publikoak. Gobernuaren egitasmo berri horren arabera, lan barik dauden gizenei ere emango liekete, doan. Dena dela, Osasun Sistema Nazionalaren (NHS, ingelesez) gaineko presioa larregi ez areagotzeko deia egin du Starmerrek. NHSren arabera, neurria martxan jartzekotan modu progresiboan izan beharko litzateke, eskatzaile kopuru handia espero baita.
Aurrez, Wes Streeting Osasun ministroak iragarri zuen egitasmoa, The Telegraph egunkarian kaleratutako artikulu batean.
"Gure gerrikoak gero eta zabalagoak dira, eta horrek gero eta eragin gehiago du gure osasun sisteman. Urtero 11.000 milioi liberako (13.090 milioi euro) kostua du, tabakoak baino gehiago", argudiatu zuen.
Streetingen esanetan, "loditasunak eragindako gaixotasunen ondorioz, urtean lau baja egun gehiago hartzen dituzte langileek, eta batzuek lanpostua ere galtzen dute".
Proposamena Lilly enpresa farmazeutikoak egindako ikerketa baten ostean egin du Erresuma Batuko Gobernuak. Mounjaro botikak duen eraginkortasuna eta "langabezia murrizteko duen ahalmena" aztertu du enpresak. Azterketaren arabera, injekzioa hartu zutenek pisuaren % 21 galdu zuten 36 astean.