GAZA, ERASOPEAN
Hamasen erantzuna Sinwarren heriotzaren ondoren: "Gure buruzagien heriotza ez da gure akabera"
AGENTZIAK | EITB Media
"Pertsonen askatasuna eta duintasuna bilatzen duen askapen mugimendua da eta hori ezin da deuseztatu", nabarmendu du Hamasek bere buruzagi nagusiaren hilketaren ondoren zabaldu duen lehen komunikatuan.
Israelgo Armadak Yahya Sinwar —Hamaseko buruzagi nagusia, urriaren 7ko erasoak agindu zituena— hil duela baieztatu eta biharamunean, Hamasek ohartarazi du ez dela ezer amaitu. "Ez da mugimenduaren akabera, eta ez da Palestinako herriaren borroka amaitu", nabarmendu du.
Hamasek bere buruzagi nagusiaren hilketaren ondoren zabaldu duen lehen komunikatuan, ez du Yahya Sinwarren heriotza baieztatu, ezta gezurtatu ere.
"Pertsonen askatasuna eta duintasuna bilatzen duen askapen mugimendua da Hamas, eta hori ezin da deuseztatu", Basem Naimek, Hamaseko adar politikoko buruak, sinatutako oharrean irakur daitekeenez.
Sinwarren heriotza mugarri izan daiteke eskualdeko gatazkan. Israelek "gizonik bilatuena" akabatzeaz gain, Hamas bururik gabe geratu dela ematen du, Sinwar Hamaseko hierarkiatik bizirik atera zen urrietako bat baitzen, Ismail Haniyeh buruzagi politikoa eta Mohamed Deif buruzagi militarra udan hil ondoren.