japoniako hauteskundeak
Japonian agintean dagoen alderdiak gehiengoa gal lezake igandeko hauteskunde orokorretan
eitb media
Alderdi Liberal Demokratikoa ia etenik gabe egon da boterean 1955etik, baina baliteke igandeko hauteskundeetan gobernuan jarraitzeko behar den gehiengoa galtzea. Oposizioaren burua Yoshihiko Noda da, Japoniako Alderdi Demokratiko Konstituzionaleko kidea.
Japonian bihar, igandea, egingo dira hauteskunde orokor aurreratuak. Egun boterean dagoen Alderdi Liberal Demokratikoa (PLD) gehiengoa galtzeko arriskuan dago, 1955. urtetik ia-ia etenik gabe boterean egon ostean.
Alderdi Liberal Demokratikoko buru eta lehen ministro Shigeru Ishibak Behe Ganbera desegin zuen eta hauteskundeak deitu zituen urriaren 9an, beste legegintzaldi batez boterean jarraitzeko asmoz. Hala ere, inkesten arabera, litekeena da Alderdi Liberal Demokratikoak gehiengo sinplea (233 eserleku) ez lortzea.
Analisten ustez, Alderdi Demokratiko Konstituzionalak (PDC), Parlamentuko bigarren alderdiak, indarra hartuko du biharko hauteskundeetan, baina ez gobernua aldatzeko adina. Yoshihiko Noda da Alderdi Demokratiko Konstituzionaleko burua, egungo alderdiaren aurretik azkenekoz agintean egon zen alderdiko burua, hain zuzen.
Hala ere, Ishiba boterean mantentzeko aukera dago, bere alderdiak Ganberan gehiengoa lortu gabe ere. Oposizioko indarren bat gobernuarekin bat egiteko konbentzitzea, kabinetetik kanpoko beste alderdi batzuekin akordioa lortzea edo legegile independenteak onartzea dira alternatibak.
Alderdi Liberal Demokratikoak Komeito alderdi budistarekin gobernatu du gaurdaino (288 eserleku zituzten biak batuta), eta Jiji Press albiste-agentziak zabaldutako inkestaren arabera, koalizio honek gobernuan jarraitzeko adina boto izan ditzake biharko hauteskundeetan.
Hauteskunde hauetan, 1.300 hautagai baino gehiago izango dira aukeran, eta 465 eserleku egongo dira jokoan.