EKIALDE HURBILA
Israelek 100 pertsona baino gehiago hil ditu Libanon eta Gazako Zerrendan azken 24 orduetan
agentziak | eitb media
Israelgo Defentsa Indarrek adierazi dute Hezbollahko eta Hamaseko "terroristak" zirela guztiak. Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi duenez, "Gaza iparraldeko herritar guztiak daude hiltzeko arriskuan".
Israelgo Defentsa Indarrek jakinarazi dute azken 24 orduetan Hezbollah talde xiitako 70 "terrorista" hil dituztela Libanon, eta Hamas Erresistentzia Mugimendu Islamikoko 40 bat Gazako Zerrendan egindako erasoetan.
"Azken 24 orduetan, gerra hegazkinek Hezbollahko 70 terrorista hil dituzte eta 120 helburu terroristari egin diete eraso", Israelgo Armadak X sare sozialean zabaldu duenez.
Aldi berean, aireko indarrek Jabalian (Gaza iparraldea) operazioak egiten jarraitu dute, eta "40 terrorista baino gehiago hil dituzte egun bakarrean", eta Armadak "talde terrorista bat deuseztatu du aurrez aurreko borrokaldietan".
Israelgo Armadak gutxienez 42.924 pertsona hil ditu Gazako Zerrendan duela urtebete hasitako erasoaldian, Hamasek urriaren 7an egindako atentatuetan 1.200 pertsona hil eta 250 inguru bahitu ostean.
Gazako Osasun Ministerioaren arabera, gainera, 100.000 pertsona baino gehiago zauritu dira, eta agintariek uste dute hildakoak gehiago izan daitezkeela hondakinen artean harrapatuta geratu direnak zenbatuta.
Baina Gazan ez ezik, Palestinako beste eremu batzuetan ere izan dira hildakoak, 600 bat Zisjordanian, eta azken asteotan Libanon egindako erasoetan 2.500 pertsona baino gehiago hil ditu Israelek.
"Gaza iparraldeko herritar guztiak daude hiltzeko arriskuan"
Joyce Msuya Nazio Batuen Erakundeko Gai Humanitarioen idazkari nagusiorde eta Sorospen eta Larrialdietako koordinatzaileak ohartarazi du Gazako Zerrendan dauden herritarrak arriskuan daudela, eta Israelgo Armadari eskatu dio erasoaldia eta "oinarrizko gizatasunarekiko erabateko mespretxua" amaitzeko.
"Gaza iparraldeko herritar guztiak daude hiltzeko arriskuan", ohartarazi du Msuyak, "oinarrizko gizatasunarekiko eta gerraren legeekiko erabateko mespretxua amaitu egin behar da", aldarrikatu aurretik.
NBEko koordinatzaileak azaldu du ospitaleei eta bertako langileei egin dietela eraso, eta horrek eragotzi egin duela larrialdietarako zerbitzuen lana. Horrez gain, salatu duenez, "aterpeak hustu eta erre, eta familiak banatu eta gizonak eta mutikoak kamioietan eraman dituzte".