Bolivia
Evo Moralesek bere aurkako hilketa saiakera salatu du
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Boliviako presidente ohiaren gidarietako bat buruan eta beso batean zauritu dute. Moralesek jarduneko presidenteari egotzi dio hilketa saiakera. Honek, baina, erasoa ikertzea agindu du.
Boliviako presidente ohi Evo Moralesek gaur, igandea, salatu du bera hiltzen saiatu direla. Horren esanetan, errepidetik zihoala, 14 tiro eman dizkiote bere autoari.
Morales irratiko saio batera zihoan auto horretan, eta tiroek ibilgailuaren aurreko kristala hautsi dute, sare sozialetara igo duen bideo batean ikus daitekeenez.
Erasoaren berri eman duenean, "jazarpena" jasaten ari dela esan du Moralesek, eta erantsi du bere gidarietako bat buruan eta beso batean zauritu dutela.
"Onik atera gara", adierazi du, xehetasun gehiagorik eman gabe.
Alabaina, bere gobernuko Ekonomia ministro zen Luis Arceri leporatu dio hilketa saiakera. Azkenaldian liskarrak izan ditu harekin. "Lucho zoratu egin da", esan du.
Erasoa ikertzeko agindu du Arcek
Boliviako egungo presidente Luis Arcek, bere aldetik, agindu du iker dezatela ezezagun talde batek, su armak erabilita, Moralesen aurka egindako erasoa, eta politikan erabilitako indarkeria oro gaitzetsi du.
Halaber, Evo Moralesen salaketaren harira, jakitera eman du "ikerketa zehatza" agindu duela jada, "gertatutakoa argitze aldera".