Itxi

Indarkeria matxista

Gerard Depardieu aktorea epaituko dute astelehen honetan soka luzea ekar lezaketen zenbait sexu deliturengatik

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

75 urteko frantziar aktoreak epaitegira joateko asmoa du, nahiz eta ez den baztertu epaiketa bera gabe egiteko aukera, Jeremie Assous abokatuak ostiralean jakinarazi zuenez.

Gerard Depardieuren atxiloketaren unea. Argazkia: EFE

Gerard Depardieu aktoreak epaiketa du bihar, astelehena, bi emakumek sexu delituengatik jarritako salaketak tarteko. Biharkoak, gainera, soka luzea ekar lezake, hainbat emakumek salatu baitute frantziar aktorea.

75 urteko aktoreak epaitegira joateko asmoa du, nahiz eta ez den baztertu epaiketa bera gabe egiteko aukera, Jeremie Assous abokatuak ostiralean jakinarazi zuenez.

Emakume horiek 2021eko irailean Parisen, Les Volets Verts pelikula filmatzeko lanetan, gertatutako bi erasorengatik salatu zuten Depardieu.

55 urteko dekoratzaile bat da salatzaileetako bat. Horrek salatutakoaren arabera, filmazioaren etenaldi batean, hankak blokeatu, eta gerria, sabela eta bularrak ukitu zizkion, komentario sexualak egiten zizkion bitartean.

Beste emakume batek (zuzendariaren laguntzaile bat) ere salatu zuen aktoreak sexu erasoak egin zizkiola.

Lehenengo emakumeak, gainera, esan zuen lekukoak zituela aurrean erasoa gertatu zenean, tartean Depardieuren bizkartzainak. Hain zuzen ere, erasoa izan zen lekutik aldendu zuten bizkartzainek Depardieu.

Abokatuak, bere aldetik, adierazi zuen epaitegian aurkeztekoak diren lekukoek eta frogek argi utziko dutela aktorearen kontrako "akusazio faltsuak" direla guztiak.

"Salaketen helburua argi geratu da ustezko biktimek, aberasteko asmoz, 6.000 eta 30.000 euro bitarteko kalte-ordainak eskatu dituztenean", esan zuen Assousek.

2020an, bestalde, Charlotte Arnaould aktorea bortxatzeagatik auzipetu zuten. Fiskaltzak iazko abuztuan galdegin zuen auzi horrengatik ere epai zezatela, baina oraindik auzitegiak ez du ebazpenik eman.

Orotara, 20 emakumek salatu dute Depardieu, komunikabideen aurrean, sexu delituengatik.

Aktoreak, baina, errugabetzat jo du bere burua hasieratik, eta lintxamendu mediatiko baten biktima dela salatu du.

Albisteak (2)