AEB-ko hauteskundeak
Trumpek gogortu egin du diskurtsoa, eta Harris indarra berreskuratzen saiatuko da kanpainako azken astean
Agentziak | EITB Media
Trumpen azken mitinean entzundako aldarri matxistek eta arrazistek polemika handia piztu dute herrialdean.
AEB hauteskunde kanpainako azken astean sartu dira, eta tentsioak goia jo du, Donald Trump presidente ohi eta Alderdi Errepublikanoaren hautagaiak gogortu egin baitu diskurtsoa. Bien bitartean, Kamala Harris demokrata lehen egunetako indarra berreskuratzen saiatuko da azken txanpa honetan.
Atzo, Trumpek mitin jendetsua egin zuen New Yorkeko Madison Square Garden pabiloian (20.000 pertsona bertaratu ziren), eta horretan aldarri arrazistak eta matxistak entzun ziren. Horrek haserrea eragin du, errepublikanoen artean ere bai.
Adierazpen polemikoenak Tony Hinchcliffe ekitaldiko aurkezleak egin zituen, Puerto Rico uharteari buruz: "Literalki, zabor-uharte bat dugu ozeanoaren erdian, uste dut Puerto Rico duela izena".
Hitz horiek arbuioa ekarri dute herrialdean, eta hainbat pertsonak aurka egin dute, hala nola Jennifer Lopez eta Ricky Martin artistek.
Trumpen lantaldea bera ere saiatu da adierazpen horietatik aldentzen: "Txistea ez dator bat Trumpen iritziarekin", adierazi du presidente ohiaren aholkulari Danielle Alvarezek, ABC News katean.
Puerto Rico AEBekin elkartuta dagoen estatu librea da, baina uharteko biztanleek ezin dute bozkatu hauteskundeetan. Bai, ordea, AEBn bizi diren milioika puertoricarrek.
Latinoen botoa, giltzarria
Hain justu, aurtengo hauteskundeetan inoiz baino garrantzitsuagoak izango dira latinoen botoak, uste baita 36,2 milioi pertsonak emango dutela botoa, hots, duela lau urte baino 4 milioi gehiago. Gehien hazi den boto-emaile taldea da, Pew zentroaren arabera.
Atzoko ekitaldian, Trumpek berretsi egin zuen deportazio kanpaina erraldoia egiteko asmoa. "Historia modernoko argudio erradikalena izan zen", CNN telebista-kateak deskribatu duenez.
New York Times egunkaria ere iritzi berekoa da, eta haren ekitaldia matxista eta arrazista izan zela azpimarratu du.
Harris, Washingtonen
Testuinguru horretan, Kamala Harrisek ekitaldia egingo du bihar sinbolismo handiko leku batean: Washingtongo Zelai Nazionala, hau da, Etxe Zuria, Kapitolioa eta Abraham Lincolnen Monumentua dauden espazioa. Duela lau urte, Trumpek hitzaldia egin zuen bertan, hauteskundeen emaitzei muzin egiteko, bere jarraitzaileek Kapitolioari eraso egin baino lehen.
Harrisek distira egin zuen hautagaitza baieztatu eta hurrengo asteetan, baina azkenaldian inkestak berdindu egin dira. Horrenbestez, hasierako indarra berreskuratzea izango du helburu hurrengo egunetan.