Gaza erasopean
NBEko 15 agentzietako buruek salatu dutenez, egoera "apokaliptikoa" da Gaza aiparraldean
Agentziak | EITB Media
Ohartarazi dute Gazako biztanleek "gaixotasunez, gosetez edo indarkeriaz hiltzeko berehalako arriskua" dutela. "Oinarrizko gizatasunarekiko eta gerraren legeekiko mespretxu nabarmen horrek amaitu egin behar du", eskatu dute NBEko buruzagi humanitarioek.
Nazio Batuen Erakundeko 15 agentzia humanitarioetako buruek Gazako iparraldean dagoen egoera "apokaliptikoa" salatu dute ostiral honetan.
Bertako osasun-agintariek salatu dutenez, Israelen operazioak ehunka zibil hil ditu azken hilabetean bakarrik. ISraelek dioenez, bere asmoa Hamaseko miliziak inguru horretan berriro eratzerik ez izatea da.
Argitaratu duten oharrean agentzietako buruek -hala nola Haurren Laguntzarako Funtsak (UNICEF), errefuxiatuentzako agentzia nagusiak (ACNUR), Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), Elikagaien Mundu Programak edo errefuxiatu palestinarrentzako agentziak (UNRWA)- salatu dutenez, Gaza iparraldeko ospitaleak "ia isolatuta" geratu dira eta ez da haietara hornidurarik iristen, eta argi diote pazienteak eta medikuak hil direla borroken ondorioz.
Sinatzaileen esanetan, eskolak suntsituak izan dira eta, harremanak eten egin dira sexu-abusuak jasan dituzten biktimei arreta emateko arduradunekin.
Ganadua eta uztak hiltzen ari direla salatu dute, eta nekazaritza-elikadurako sistemak "jota" geratu direla.
NBEko agentzietako buruzagiek UNRWAren garrantzia aldarrikatu dute, Israelgo Parlamentuak bere funtzioak bertan behera utzi ondoren, eta, legea behin betiko onartzen bada, "hondamendia izango litzateke Gazako erantzun humanitarioan".
"Oinarrizko gizatasunarekiko eta gerraren legeekiko mespretxu nabarmen horrek amaitu egin behar du", eskatu dute NBEko buruzagi humanitarioek.
Halaber, nabarmendu dutenez, "eskualde osoa dago hari-harian. Aspaldi eten behar ziren borrokak eta aspaldi behar zen baldintzarik gabeko su-eten iraunkorra".
We the leaders of 15 @UN and humanitarian organizations urge, yet again, all parties fighting in #Gaza to protect civilians, and call on the State of #Israel to cease its assault on Gaza & on the humanitarians trying to help
— Inter-Agency Standing Committee (IASC) (@iascch) November 1, 2024
Statement #IASC Principals ¿ https://t.co/QEntcMKYQ0 pic.twitter.com/t6SC9pUNu3