EKIALDE HURBILA
71 pertsona hil eta 169 zauritu dira Libanon azken 24 orduetan Israelen erasoen ondorioz
EITB MEDIA
Era berean, dozenaka pertsona hil dira Gazan azken orduotan eta lur azpiko arma fabrika bat ere txikitu dute Israelgo Armadak egindako erasoetan.
Israelek Gazako erdialdea eta iparraldea eta Libano erasotzen jarraitzen du azken orduotan ere. Dozenaka hildako eta ehunka zauritu eragin dituzte azken eraso hauek.
71 pertsona hil eta 169 zauritu dira azken 24 orduetan Libanon, Israelek egindako bonbardaketen ondorioz. Gauzak horrela, 2.980 pertsona hil dira guztira azken urtean.
Ministerioak azaldu duenez, 109 bonbardaketa erregistaratu dira une berean Libanoko hainbat eramutan. Guztira, 11.876 bonbardaketa izan dira.
Gazako Zerrendan, gutxienez hamar pertsona hil dira gaur, larunbata, Nuseirateko errefuxiatuen kanpalekuaren aurka izandako erasoetan. Beste hamabi palestinar hil dira Beit Lahian, Gaza iparraldean, Israelek egindako bonbardaketan. Israelgo Armadak Saftawi auzoa ere bonbardatu du Gazan, eta hiru hildako eta hainbat zauritu utzi ditu.
Hildo horretan, Gazako Zerrendako erdialdean dagoen lur azpiko arma fabrika bat ere txikitu du Israelek beste bonbardaketa batean.
Bestalde, Israelgo Armadak bere bi soldaduren heriotza baieztatu du. Horrela, azken urtean 780 soldadu israeldar hil dira Gazan eta Libanon.