AEBko hauteskundeak
Etxe Zurirako lehiak erne du Europa
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bruselak argi esan du: "batak zein besteak irabazi, alegia, Trumpekin nahiz Harrisekin, harremana orain arteko berbera izango da, AEB eta EB bazkideak eta gertuko aliatuak baitira". Espainiako alderdi politiko nagusiek ere AEBn eta hango hauteskunde osteko agertokian jarriko dute fokua asteartean.
Urtebete darama Europar Batasunak (EB) AEBko —bere bazkide komertzial nagusia eta segurtasun berme-emaile garrantzitsua— hauteskundeetako emaitzetarako prestatzen, Europako Batzordearen barruan horretarako beren-beregi sortutako talde batekin. Donald Trumpen garaipenak egoera zaildu diezaioke Europari.
Bruselak, ordea, argi esan du: "batak zein besteak irabazi, alegia, Trumpekin nahiz Harrisekin, harremana orain arteko berbera izango da, AEB eta EB bazkideak eta gertuko aliatuak direlako".
"Hortaz, AEBko bozetako emaitzek ez dute funtsean errealitate hori aldatuko. Dena den, hauteskunde guztiek bezalaxe, eragina izan dezakete bazkideen zuzendaritza politikoan", adierazi du.
Kontu horiek gorabehera, Bruselak urtebete darama emaitzek norainoko ondorioak ekar ditzakeen aztertzen.
Trumpek, adibidez, agindu zuen inportatutako produktuei muga-zergak (% 10 eta % 20 artekoak) ezarriko zizkiela. Neurri horrek Alemaniari, Italiari eta Irlandari eragingo lioke gehien bat, horiek izan baitziren 2023an gehien esportatu zuten herrialdeak, Eurostat agentziaren arabera.
Joe Biden presidentearen Batzordeak eta administrazioak, aitzitik, muga-zergak kentzea adostu zuen, baina orain arteko negoziazioek ez dute fruiturik eman.
AEBren eta Txinaren arteko liskar geopolitikoan ere izango ditu ondorioak emaitzak, eta EBk gatazka horretan noren alde egin erabaki beharko du, Pekinekin gerra komertziala areagotu den garaian, hain justu.
Kontuak kontu, Ukrainako gerraren inguruan Trumpek edo Harrisek hartzen dituzten erabakiak dira EBren kezka nagusia, batez ere, errepublikanoek irabazten badute, Trumpen jokamoldea askoz "iragarriezinagoa" baita. Ekialde Hurbileko gerrak eta Irango programa nuklearrak ere buruhaustea emango die.
Europar buruzagiek Budapesten emango diote AEBko hauteskundeetako emaitzari lehen erantzuna, ostegunean bilduko baitira han, eta ostiralean goi bilera egingo baitute.
Espainiako alderdiak
Espainiako alderdi politiko nagusiek ere AEBn eta hango hauteskunde osteko agertokian jarriko dute fokua asteartean, emaitzek Estatu espainiarrean izan ditzaketen ondorioen aiduru baitaude.
PSOEko Kanpo bozeramaile Sergio Gutierrezek argi dauka Harris "aliatu" dutela, eta Trump, berriz, "mehatxu", "zentzu askotan, gainera; komertzialean baita".
PPren jarrera, ostera, ez da hain markatua, popularrek azpimarratu baitute espero duela presidente berria "Ozeano Atlantikoaz bestaldeko harreman historikoarekin konprometitzea, baita NATOrekin eta Europarekin ere", eta "Espainiaren lagun eta aliatu izaten jarraitzea, merkataritza askea eta giza eskubideak defendatuz".
Sumarren ustez, demokratek irabazten badute, orain arteko harremanari eutsiko diote, Joe Bidenekin "bide onetik" joan direlako. Errepublikanoekin, aldiz, tirabirak egongo liratekeela pentsatzen du Sumarrek.
Bestelako ikuspuntua du Voxek. Alderdi horren esanetan, Harris "PSOEren eta PPren hautagaia" da, "hautagai arriskutsua munduko segurtasunarentzat".