Itxi

Ekialde Hurbila

52 herrialdek NBEri eskatu diote Israeli armak eta munizioa blokeatzea

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Liga Arabiarrak, Islamiar Kooperazioaren Antolakuntzak eta 52 herrialdek babestu dute Turkiaren ekimena. Herrialde gehienak arabiarrak eta islamiarrak dira: Hegoafrika, Bolivia, Brasil, Kolonbia, Kuba, Mexiko, Nikaragua, Norvegia, Errusia, Senegal, Txile, Venezuela, Vietnam eta Zimbabwe.

Israelek Gazan burututako erasoaldi baten irudia. Artxiboko argazkia: EFE

Turkiako Atzerri Gaietako ministro Hakan Fidanek ekimen bat iragarri du NBEk Israeli munizioa blokea diezaion, Gazako Zerrendan eta Libanon egiten ari den erasoaldiei erantzunez.

"Gazan genozidioa dago. (Benjamin) Netanyahuk sistema horrekin jarraitzen du, eta bi estatuen irtenbidea zeharo baztertu nahi du", esan du Fidanek, Djibutin egin duten  Turkia-Afrika elkartearen hirugarren ministerio konferentzian, Turkiako Anatolia albiste agentziak jaso duenez.

"Israeli eragotzi behar diogu armak eta munizioa erostea. Gai hori mahai gainean jarri behar dugu foro guztietan. Edozein aukera baliatu behar dugu Israeli armak saltzea genozidioaren konplize izatea dela esateko", arrazoitu du.

Turkiak bidalitako gutunean eskatzen da uztailaren 19an Nazioarteko Justizia Auzitegiak emandako iritzia —NBEren irailaren 18ko Batzar Orokorrean (baiezko 124 botorekin) jasoa— aplikatzea.

Liga Arabiarrak, Islamiar Kooperazioaren Antolakuntzak eta 52 herrialdek —gehienak arabiarrak edo islamiarrak— (Hegoafrika, Bolivia, Brasil, Kolonbia, Kuba, Mexiko, Nikaragua, Norvegia, Errusia, Senegal, Txile, Venezuela, Vietnam edo Zimbabwe) babestu dute Turkiaren ekimena.