Itxi

Hauteskundeak AEBn

Estatu Batuak eta mundu osoa, AEBko presidentetzarako hauteskundeen emaitzen zain

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Boto zenbaketak luze jo dezake, eta baliteke egunak edo asteak irautea. Ez dago argi, beraz, noiz jakingo dugun nor izango den presidentea.

Donald Trump eta Kamala Harris. Argazkiak: EFE

Estatu Batuetako herritarrak modu masiboan joan dira astearte honetan hauteslekuetara, hurrengo agintaria aukeratzeko botoa ematera. Boto aurreratuaren zifrak, aurrez aurre edo posta bidez egindakoak, altuenetarikoak izan dira, bigarrenak historian; beraz, botoek balantzak hautagai baten edo bestearen alde eginaraziko dute. Ikusteko dago nor iritsiko den presidentetzara, Donald Trump presidente ohi errepublikanoa (2017-2021) ala Kamala Harris presidenteorde eta hautagai demokrata.

Harrisek igandean jakinarazi zuen posta bidez bidali zuela bere botoa Kaliforniara, han baitago izena emanda. Bestalde, hautagai errepublikanoak Palm Beachen (Florida) eman du botoa, Mar-a-Lago egoitzatik gertu dagoen ikastetxe batean, Melania emaztearekin batera, 11:40an (16.40 GMT). "Gaur gauean garaipen handia izango da", adierazi du, "Georgian eta leku guztietan oso ondo doakigu".

Egunaren hasieran, Estatu Batuetako hauteskunde agintariek bozketa barea eskatu zuten istiluak eta indarkeria ekintzak saihesteko, eta herritarrei konspirazioaren teoriei jaramonik ez egiteko eskatu zieten. Hala ere, zenbait gertakarik eguna lausotu dute; besteak beste, Kapitolioko Poliziak gizon bat atxilotu du, zuzi bat eta bengaladun pistola bat zeramatzala, eta "erregai usaina" zuela. Gainera, Georgia estatuan, bonba-mehatxuak jaso dituzte bi hauteslekutan, eta FBIk jakinarazi du hainbat hauteslekuren aurka, "sinesgarriak ez diren" mehatxuak jaso dituela eta horietako asko "Errusiako posta elektronikoko domeinuetatik" egindakoak direla.

Halaber, Pennsylvanian, software-arazoak izan dituzte Cambria konderrian boto-orriak irakurtzeko makinetan. Hori dela eta, epaile batek konderriko bozketa bi orduz luzatzea agindu du, bertako 22:00ak arte (01:00 GMT). Estatu Departamentuak arazoak onartu ditu, eta "betetako boto-orriak onartuko direla eta Hauteskunde Batzordeak zenbatuko" dituela ziurtatu du.

Nola jarraitu hauteskunde gaua

AEBn ez dago erakunde bateraturik zenbaketaren berri emateko. Horren ordez, hedabideek euren proiekzioak publikatuko dituzte minutuz minutu, eta irabazlea iragarriko dute euren proiekzioetan hautagaietako bat 270 konpromisarioen langara iristen denean.

Zeri begira egon behar dugu kontaketan, orduan? Batik bat, estatu kulunkari izenekoei (ingelesez, swing states). Estatu gehienek berdin bozkatzen dute hauteskunde guztietan. Adibidez, Kalifornian beti irabazten du Alderdi Demokratak, eta Texasen, aldiz, Errepublikanoak. Kulunkariak, hain zuzen ere, kolorez aldatu ohi diren estatuak dira, eta horiek margotu ohi dituzte azken emaitzak, demokraten urdinarekin edo errepublikanoen gorriarekin.

Zazpi dira estatu kulunkari nagusiak, eta horietatik, Trumpek alde ditu Arizona, Nevada, Pennsylvania, Ipar Carolina eta Georgia, eta Harrisek Wisconsin eta Michigan.

270 konpromisarioren langara heldu eta gero, hautagaiek garaipen eta porrot hitzaldiak egitea izan da beti bertako tradizioa, baina duela lau urte Trumpek hautsak harrotu zituen, uko egin baitzion hauteskundeen emaitzak onartzeari. Horren ondorioz, trumpzaleek eraso egin zioten Kapitolioari, eta presidente ohia epaitu egin zuten horregatik (epaileek, baina, ez dute epaia eman oraindik).

Etxe Zuria ez ezik, Ordezkarien Ganbera eta Senatua ere izango dira jokoan gaurko hauteskundeetan. Izan ere, Behe Ganbera osoa eta Goi Ganberako heren bat ere berrituko dituzte gaurkoan.

Hauteskundeen ostean, zer?

Gaurko hauteskundeen ostean, presidente aldaketa ez da berehalakoa izango, AEBko sistema politikoan mugiezinak direlako epeak: hauteskundeak azaroko lehen astelehenaren osteko lehen asteartean dira, eta presidente berriak urtarrilaren 20an egingo du karguaren zina, Kapitolioan.

Presidente berriak ekonomia izango du erronka nagusi, baina immigrazioa eta segurtasuna ere herritarren kezka nagusietakoak dira. Trumpek, adibidez, migratzaileek "inbasioa" egin dutela salatu du, eta kanporatze masiboak promestu ditu.

Albisteak (1)

Bideoak (4)