Itxi

AEB-KO HAUTESKUNDEAK

Trump: "Herrialdea sendatuko dugu"

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Errepublikanoek irabazi dituzte Etxe Zurirako presidentetzarako bozak, Senatuaren kontrola ere berreskuratu dute eta Kongresuan ia ziur gehiengoa izango dute. Datuok jakin orduko, jarraitzaileen aurrera agertu da Donald Trump, Floridan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeen irabazlea da, orain arteko datuak aintzat hartuta. Alderdi Errepublikanoak 277 ordezkari lortu ditu; demokratek, 224. Garaipena eskuratzeko 270 ordezkari behar dira.

Datuokin, eta familiak eta kanpainako lantaldeak lagunduta, ehunka jarraitzaileren aurrean agertu da Trump, West Palm Beacheko (Florida) konbentzio zentroan. "Inoiz gure herrialdeak ikusi gabeko garaipen politikoa da", esan du, kabituezin batean, eta "herrialdea sendatuko" duela hitz eman du.

Hitza hartu orduko, kanpainan esandakoak berresteari ekin dio, baina migrazioari dagokionez, diskurtsoa zertxobait apaldu du: "Mugak itxiko ditut, eta legez datozen migratzaileei bakarrik utziko diet sartzen. Etortzen utzi bai, baina legez". Mitinetan behin eta berriz agindutako "deportazio masiboak" ez ditu aipatu gaurko hitzaldian.

Migratzaileen aurkako diskurtso oso gogorra erabili du hautagai errepublikanoak kanpaina osoan. AEBra lana "lapurtzera" eta "delituak egitera" joaten direla esan izan du, behin eta berriz.

"Gauzak aldatzera", "ekonomia bideratzera" eta "gerrak amaitzera" datorrela argi utzi du Trumpek. "Herritar estatubatuarrek boterea berreskuratu duten eguna izango da gaurkoa (...) AEB berriro handia izatea lortuko dugu, herri honen urrezko aroa izango da (...) Eskerrak eman nahi dizkizuet. Ohorea da 47. presidentea izatea", erantsi du.

Batasunerako deia eginez amaitu du: "Arrakastak batuko gaitu, eta AEB lehen lerroan jarriko dugu. Ez dizuet hutsik egingo".

 

Bideoak (1)