Itxi

AEB-KO HAUTESKUNDEAK

Donald Trumpek aise irabazi ditu AEBko hauteskundeak

EITB Media

Leer en Castellano

Hautagai errepublikanoak 292 ordezkari lortu ditu Konpromisarioen Biltzarrean eta Kamala Harris hautagai demokratak, berriz, 224. Hortaz, Trump Etxe Zurira itzuliko da.

Donald Trump izango da Ameriketako Estatu Batuetako hurrengo presidentea. Argazkia: EFE

Donald Trump AEBko presidente ohi eta hautagai errepublikanoa Etxe Zurira itzuliko da, astearte honetan Ameriketako Estatu Batuetan egin diren hauteskundeak alde handiz irabazi ostean. Hautagai errepublikanoak, momentuz, 292 ordezkari lortu ditu Konpromisarioen Biltzarrean eta Kamala Harris hautagai demokratak, berriz, 224, CNN eta AP hedabideek zabaldutako proiekzioen arabera.

270 ordezkari lortzen dituen hautagaiak irabazten ditu hauteskundeak, eta kasu honetan, Trumpek beharrezkoak zirenak baino aise gehiago lortu ditu.

538 konpromisario edo ordezkarik osatzen dute Konpromisarioen Biltzarra eta horiek ematen dute presidentea eta presidenteordea aukeratzeko botoa; aurten, abenduaren 17an egingo dira presidenteordetza hauteskundeak. Estatu bakoitzean irabazten duen hautagaiak (boto bakarragatik bada ere) estatu horretako ordezkari guztiak lortzen ditu, Nebraska eta Maine estatuetan salbu. Alderdi Errepublikanoak 277 ordezkari lortu ditu (zazpi gehiago), eta, ondorioz, datorren urtarrilaren 20an Trumpek presidente kargua hartuko du, bigarrenez.

Alderdi Errepublikanoak zazpi estatu giltzarrietatik bostetan irabazi du: Ipar Carolinan, Georgian, Michigan, Pennsylvanian eta Wisconsinen. Halaber, kontaketa amaitu ez den gainerako bietan ere aldea ateratzen dio Alderdi Demokratari (Arizona eta Nevada).

Giltzarri diren estatuetatik harago, kontaketa ez da oraindik amaitu Alaskan eta Mainen. Trumpek 16 puntuko aldea ateratzen dio Harrisi Alaskan, eta Mainen, berriz, hautagai demokrata da 9 puntu aurretik dagoena.

Ordezkari kopuruan bezala, botoetan ere aise gailendu da hautagai errepublikanoa, eta bost milioi botoko aldea atera dio (71 milioi boto baino gehiago Trumpek eta 66 milioi Harrisek). 2004tik Alderdi Errepublikanoa boto kopuruan nagusitzen den lehen aldia da, orduan George W. Bush presidentegai errepublikanoak 59 milioi boto eskuratu zituen eta John Kerry demokratak, ostera, 55,4 milioi boto.

Donald Trumpek garaipena aldarrikatu du

Behin betiko datuak ezagutu aurretik, Donald Trump West Palm Beacheko (Florida) konbentzio zentroan bilduta zeuden jarraitzaileen aurrera atera da.

"Inoiz gure herrialdeak ikusi gabeko garaipen politikoa da", esan du, kabituezin batean, eta "herrialdea sendatuko" duela hitz eman du.

Hitza hartu orduko, kanpainan esandakoak berresteari ekin dio, baina migrazioari dagokionez, diskurtsoa zertxobait apaldu du: "Mugak itxiko ditut, eta legez datozen migratzaileei bakarrik utziko diet sartzen. Etortzen utzi bai, baina legez". Mitinean behin eta berriz agindutako "deportazio masiboak" ez ditu aipatu gaurko hitzaldian.

"Gauzak aldatzera", "ekonomia bideratzera" eta "gerrak amaitzera" datorrela argi utzi du Trumpek. "Herritar estatubatuarrek boterea berreskuratu duten eguna izango da gaurkoa (...) AEB berriro handia izatea lortuko dugu, herri honen urrezko aroa izango da (...) Eskerrak eman nahi dizkizuet. Ohorea da 47. presidentea izatea", erantsi du.

Kamala Harris isilik

Kamala Harris AEBko presidenteorde eta Etxe Zurirako hautagai demokratak erabaki du bertan behera uztea Washingtongo Howard Unibertsitatean astearte honetan egin behar zuen hitzaldia. Harrisen kanpainako zuzendariorde Cedric Richmondek jakinarazi duenez, hautagai demokratak ez die jarraitzaileei asteazkenera arte hitz egingo, izan ere, "oraindik" zenbatu gabeko botoak daudela uste du. "Estatu batzuetan ez da irabazlerik oraindik", azpimarratu du.

Ordezkarien Ganbera eta Senatua

Alderdi Demokratak AEBko presidentetza ez ezik, Senatuaren kontrola ere galdu du. Alderdi Errepublikanoak 51 ordezkari izango ditu eta 49, berriz, Alderdi Demokratak.

Halaber, itxura guztien arabera, Alderdi Errepublikanoak gehiengoari eutsiko dio Ordezkarien Ganberan.

Aborturako eskubidea

Ameriketako Estatu Batuetako bost estatutan (New York, Arizona, Colorado, Maryland eta Misuri) aborturako eskubidea estatu mailan babestearen alde bozkatu dute; Floridan, berriz, proposamenaren aurka egin dute, AEBko hedabideek zabaldutako proiekzioen arabera.

Hiru estatutan ere (Montana, Nevada eta Hego Dakotan) abortua legez babestearen aldeko galdeketak egin dituzte. Nebraskan, aldiz, gaur egun indarrean dagoen debekua egonkortzea da galdeketaren helburua.

Erreakzioak, Trumpen garaipenaren aurrean

Trumpen garaipenak harrera ona izan du nazioarteko diru merkatuetan. Halaber, nazioarteko buruzagien erreakzio soka luzea eragin du. Oro har, garaipenagatik zoriondu dute eta lankidetzarako eskua luzatu diote.

Ursula Von der Leyen EBko presidenteak "zorionik beroenak" helarazi dizkio Trumpi, eta elkarlanerako deia egin dio, Europari eta AEBri onurak ekarriko dizkion "Ozeano Atlantikoaz haraindiko agenda" erdigunean jarrita.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ere zorion mezua igorri dio presidentegai errepublikanoari. "Lankidetzan" sakontzea espero du buruzagi frantziarrak, "bakearen eta aurrerapenaren alde", nor bere "konbikzioetatik".

Alemaniaren eta AEBren arteko "hartu-eman ona" orain arteko bideari eustea espero du Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak. Horrek ere, Ozeano Atlantikoaz bestaldeko lankidetza sustatzen jarraitzeko konpromisoa agertu du, Trumpi zorionak helarazi ondotik.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ere Trump zoriondu nahi izan du lortutako "garaipen izugarriagatik", eta elkarrekin "Ukrainan bakea lortzeko" lan egingo duten itxaropena agertu du.

Era berean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak hautagai errepublikanoaren "garaipen handia" nabarmendu du. AEBren eta Israelen arteko "aliantza sendoa"  irmotzeko "konpromiso indartsu berri bat" izatea espero du.

Txinako agintariak zuhur agertu dira, eta "estatubatuarren erabakia errespetatzen" dutela adierazi dute, bestelako balorazio politikorik egin gabe. Azkenik, AEBren eta Iranen arteko harremana ez dela aldatuko ziur agertu da Fatemeh Mohajerani Irango Gobernuaren eleduna. "AEBren eta Iranen arteko politika orokorrak finkatuta daude", adierazi du.