GOI BILERA
Europar Batasunak nazioartean duen eragina handitu eta defentsa indartu nahi du, Trumpen garaipenaren ostean
Agentziak | EITB Media
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra ez dira Budapesteko goi bileran izango.
Donald Trump Etxe Zurira itzuliko dela jakin eta biharamunean, Europar Batasuneko buruzagi politiko gehienak Budapesten elkartu dira eta horietako asko Ameriketako Estatu Batuetako Gobernu berriarekin harremanak sendotzaren alde agertu dira. Hala ere, Europar Batasunak nazioartean eragin handiagoa izatea, segurtasun eta defentsa baliabideak areagotzea eta beste herrialdeekiko menpekotasuna gutxitzea nahi dute.
EBko hainbat gobernuburu eta estatuburuk Budapesteko goi bilerara iritsi berritan azpimarratu dutenez, Europar Batasunak Ukraina babesten jarraitu behar du Errusiaren aurrean. Are gehiago, babesa erretiratzea "ahultasun" mezua bidaltzea litzatekeela uste dute.
Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak EBren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko loturak sakontzearen alde hitz egin du. Aldi berean, ordea, Europar Batasunak bere oinarri ekonomikoa indartu behar duela uste du, mundu mailan duen eragina handitu eta etorkizunean burujabe izateko.
Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen esanetan, EBko 27 herrialdeek elkarlanean aritu behar dute gaur egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko. Horren iritziz, estatu kide bakar bat ere ez da gai erronka horiei bere kabuz erantzuteko baina 27ak elkarrekin arituta, posible da. "Indar hori da gure baliorik onena", gaineratu du.
Gaurko saioan, Europar Batasuneko herrialdeek (27 dira) ez ezik Europako Komunitate Politikoko estatuek ere parte hartuko dute.
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra ez dira Budapesteko goi bileran izango: espainiarra goialdeko borraskak eragindako hondamendia kudeatzen gelditu da eta, bigarrena, berriz, bere gobernu barruko krisia kudeatzen.