AEB-KO HAUTESKUNDEAK
Nortzuek osatzen dute Trumpen taldea? Gizonak dira, zuriak eta aberatsak
EITB MEDIA
Elon Musk multimilioiduna, Robert Kennedy Jr. txertoen aurkako aktibista eta Dana White enpresaria daude presidente hautetsiaren zirkulurik hurbilenean. Trumpek bilerak hasi ditu Mar-a-Lagoko bere egoitzan, Etxe Zurirako taldea zehazteko.
Gizonak dira, zuriak eta aberatsak, oso aberatsak. Donald Trump AEBko presidente hautetsiak talde bat izan du inguruan, gehienak gizonezkoak, presidentetza-kanpainaren unerik zailenetan babesten, baita milioi askoko dohaintzekin laguntza ekonomikoa ematen ere. Hauteskundeen garaipenak indartuta, talde hori gobernu errepublikanoan ardura karguak hartzeko prestatzen hasi da. Baina, nortzuek osatzen dute Trumpen taldea? Horietako batzuk aztertuko ditugu jarraian.
Elon Musk. Munduko enpresaririk eta gizonik aberatsena (Pretoria, Hegoafrika, 1971) Trumpen aktibo handienetako bat bihurtu da. Tesla, SpaceX eta X sare sozialaren jabeak 75 milioi dolar baino gehiago eman dizkio errepublikanoaren kanpainari. Dirudunak Mar-a-Lago etxea bisitatu du asteazken honetan, Trump bere aholkulariekin egiten ari den bilera sortaren baitan. Trumpek berak "izar berri bat" dela esan du. Muskek Eraginkortasun Saila eratzea proposatu du, aurrekontu federala gutxienez 2 bilioi dolar murrizteko, agentzia federalen "berrikuspen formala" egin ondoren, The Washington Post egunkariaren arabera.
Musk, Trumpen mitin batean
Robert Kennedy Jr. abokatua, txertoen aurkako ekintzailea eta John F. Kennedy presidente ohiaren iloba da. Robert Kennedy Juniorrek bere hautagaitza aurkeztu zuen Alderdi Demokrataren barruan, eta ondoren lasterketa utzi eta independente gisa aurkeztu zen. 2024ko abuztuan, Kamala Harrisen hautagaitza berretsi ostean, Kennedyk Donald Trump babestu zuen. Ordutik, hautagai errepublikanoaren mitinetan parte hartu du. Children's Health Defense taldeko presidentea da. Talde horrek autismoa eta beste nahasmendu eta gaixotasun batzuk sortzea leporatzen die txertoei, eta negazionismo zientifikoko jarrerak erakutsi ditu. AEBko sendagai eta elikagaien osasunarekin edo erregulazioarekin zerikusia duten ardurak hartuko omen ditu bere gain.
Kennedy, Trumpen mitin batean. EFE
Dana White. Ultimate Fighting Championship (UFC) borroka-arte mistoen estatubatuar enpresaren presidentea da. White (Manchester, Connecticut, 1969) enpresaburu aberatsa da, eta Trumpen kanpainako ekitaldi askotan agertu da. Kontserbadorea da, eta jarrera matxistak izateagatik da ezaguna.
White eta Trump, hauteskunde gauean. EFE
Marco Rubio. Florida estatuko senataria, migratzaile kubatarren semea (Miami, 1971), Estatu idazkari izateko hautagaien artean dago, The Washington Post egunkariaren arabera. Politikariak eragin nabarmena izan zuen Latinoamerikarekiko politikan Trumpen lehen agintaldian, Senatuko Kanpo Harremanetarako Batzordean zuen boterea zela eta. Aurten presidenteorde izateko hautagaien artean egon zen errepublikanoen kanpainan.
Rubio, Trumpen mitin batean. EFE.
The Washington Post egunkariaren arabera, bi izen daude AEBko Altxorraren idazkari kargurako: John Paulson inbertitzaile milioiduna, 2008ko finantza krisiari aurrea hartzeko dirutza handia biltzeagatik ezaguna, eta Scott Bessent Trumpen egungo aholkulari ekonomikoa.
Tucker Carlson telebistako aurkezlea ere Trumpekin izan zen asteazkenean Mar-a-Lagon, eta, beraz, eragina izan lezake lehen neurriak eta kabinetea aukeratzeko orduan.