Europako goi-bilera
Trumpen garaipenak bere defentsa indartzera eta autonomia globala borrokatzera bultzatuko du Europa
Agentziak | EITB MEDIA
Europako Komunitate Politikoak Budapesten egindako bileran, agintariek "potentzia geopolitiko" independente eta munduan eragina izango duen Europa baten alde egin dute.
Donald Trumpek Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeak irabazi izanak Europako herrialdeak euren defentsa gaitasunak indartzera bultzatuko ditu, Washingtonek Ukrainara armak bidaltzeko atzerapausoa emango duen eta ekonomia globalean lehiatzeko ahaleginak azkartuko dituen beldur.
Budapestek (Hungaria) hartu du Europar Batasuneko 27 estatuen eta kontinenteko beste hogei herrialderen arteko bosgarren topaketa, besteak beste, Erresuma Batua, Ukraina, Turkia, Mendebaldeko Balkanetako herrialdeak edo Kaukasoko kideak. Eta, Trumpen garaipenak goi-bilera horretako eztabaidak baldintzatu ditu, horrek kontinentean izan ditzakeen eraginen ondorioz.
Besteak beste, Errusiak Ukrainan egindako inbasioak, Estatu Batuen eta Txinaren arteko tentsio geopolitiko gero eta handiagoek, potentzia horiekiko Europako ekonomien lehiakortasunaren galerak eta klima-aldaketa bezalako erronka globalek zipriztindutako testuinguru batean, europarrek errepublikanoa Etxe Zurira itzultzean ikusten dute beren kanpoko dependentziak murrizteko beharra.
Ildo horretan, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak azpimarratu du Europak bere ekonomia eta eredu demokratikoa defendatu behar dituela, eta 700 milioi herritarrekin Europa munduan guztiz independentea eta eragingarria den "potentzia geopolitikoa" izateko prest dagoela. "Nahi badugu, kontrola har dezakegu berriro", esan du.
"Gure inozotasun geopolitikotik esnatzeko unea iritsi dela uste dut, eta erronka handiei, lehiakortasunari eta Europaren defentsari aurre egiteko baliabide gehigarriak konprometitu behar ditugula konturatzeko unea", laburbildu du Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroak.
Ildo beretik, Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak esan du Europar Batasunak bere agenda estrategikoan lan egingo duela, baina prest dagoela "Estatu Batuekin dituen loturak sakontzeko", eta AEBko administrazio berriak Ukrainaren babesarekin konprometituta jarraitzea espero duela.
Trumpek Europan duen aliaturik onenetakoa da Viktor Orban Hungariako lehen ministroa, eta bera izan da goi-bilera honen anfitrioia. Horren osteko prentsaurrekoan, estatubatuarra goraipatu eta bere garaipena vodkarekin ospatu zuela adierazi du.
Orban Putinen gertukoa da, eta ez dator guztiz bat Europar Batasuneko gainontzeko kideen iritziarekin. Hartara, Washingtonen agintea aldatzeak "kapitulu bat itxi eta beste bat ireki" duela ziurtatu du, Ukrainari dagokionez, eta Kievi ematen dion babesa birplanteatzeko deia egin dio Europari.
"Europako jendea gero eta gutxiago dago prestatuta zehazki ulertzen ez duen, bere helburua ulertzen ez duen eta inork zenbat iraungo duen bermatzen ez duen gerra bat finantzatzeko", esan du Orbanek, eta gatazkan "su-etena" lortzeko deia berretsi du, bakea lortzeko "lehen urrats" gisa.
Eslovakiako lehen ministroak, Robert Fico ezkerreko populistak, ohartarazi du bere herrialdeak ez duela onartuko Europak "Ukrainaren gaineko finantza-erantzukizun osoa" bere gain hartzea.
Hala ere, agintari horien diskurtsoa ez dator bat Europar Batasuneko kideen gehiengoarekin; izan ere, 2022an gerra hasi zenetik, Kievi "behar beste denboran" laguntza emango diotela berretsi dute.