Itxi

EKIALDE HURBILA

NBEk ohartarazi du gosete arrisku handia dagoela Gaza iparraldean eta berehalako esku-hartzea eskatu du

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gutxienez 14 palestinar hil eta hainbat zauritu dira bart Israelgo Armadak Gaza eta Khan Yunis hirietan egindako aire-erasoetan.

Rafahko herritarrak janari eske. Argazkia: EFE

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohartarazi du Gaza iparraldeko biztanleek gosete arrisku handia dutela, eta berehalako esku-hartzea beharrezkoa dela azpimarratu du.

Cindy McCain Munduko Elikagai Programaren zuzendariaren esanetan, "onartezina dena berresten du" ohartarazpen horrek: "Laguntza humanitario eta komertzial segurua, azkarra eta oztoporik gabea izateko neurriak hartu behar dira lehenbailehen, erabateko hondamendia saihesteko".

Gazan sartzen diren kamioien kopurua "nabarmen" murriztu da eta laguntza humanitarioa eten da. Testuinguru honetan, elikagaien prezioak "gatazkaren aurretiko prezioak baino hamar bat bider handiagoak dira".

Egoera horri buelta emateko erantzunik ezean, "datozen egunotan" Gazako egoera "are okerragoa" izango da eta "ekidin zitezkeen heriotzak egongo dira". 

"Gatazka honetan eragina duten alderdiek neurriak hartzen ez badituzte, litekeena da etortzeko dagoen hondamendiak ezerezean uztea orain arte izan den sarraskia", iragarri du.

Erasoek ez dute etenik

Gutxienez 14 palestinar hil eta hainbat zauritu dira bart Israelgo Armadak Gaza eta Khan Yunis hirietan egindako aire-erasoetan.

Israelgo Defentsa Indarrek Fahd al Sabah eskolari egin diote eraso, pertsona desplazatuen babeslekua den arren; bost zibil hil dira aipatu erasoan. Desplazatuak babesteko erabiltzen dituzten kanpin-denden aurkako erasoetan, berriz, bederatzi pertsona hil eta hainbat zibil zauritu dira. Gazako Zerrendaren hegoaldean dagoen Khan Yunis hiriko Nasser ospitalera eraman dituzte.