Itxi

AEB

Biden eta Trump Etxe Zurian bilduko dira asteazkenean botere trantsizioari ekiteko

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Jarduneko presidenteak agindu du "baketsua eta ordenatua" izango dela botere aldaketa, eta, demokraten bihotza arindu nahian-edo, ziurtatu du AEB "ondo" egongo dela.

Joe Biden eta Donald Trump. Argazkia: EFE

AEBko Presidentetza utziko duen Joe Biden demokratak eta hauteskundeetako irabazle Donald Trump errepublikanoak hitzordua dute azaroaren 13an Etxe Zurian, botere trantsizioa abiatuko duten elkarrizketei ekiteko.

Etxe Zuriko Prentsa idazkari Karine Jean-Pierrek iragarri duenez, Bidenek 11:00etan (17:00ak Euskal Herrian) hartuko du Trump, Bulego Obalean.

2017 eta 2021 artean gobernuburu izan ostean, hauteskundeak irabazi zituen berriro Trumpek asteartean, eta Kamala Harris hautagai demokratari Presidentetzarako bidea itxi zion horrela. Hain zuzen ere, uztailean hartu zuen Harrisek Bidenen lekukoa, demokraten ordezkari gisa.

Arizonako (emaitzak ezagutarazi ez dituen estatu bakarra) botoak zenbatu gabe, 301 konpromisario eskuratu ditu Trumpek, gehiengoa (270) aise gaindituta, eta 226 jaso ditu Harrisek. 

Osteguneko hitzaldian, Bidenek hitzeman zuen "baketsua eta ordenatua" izango dela botere aldaketa, eta, demokraten bihotza arindu nahian-edo, esan zuen AEB "ondo" egongo dela.

Hala ere, ez zuen argitu urtarrilaren 20an Trumpen inbestiduran egongo den ala ez, nahiz eta baiezkoa iradoki zuen. "Nire promesak beteko ditut, eta Konstituzioaren menean trantsizio baketsu bat izango dugu AEBn", baieztatu zuen.

2020an, Bidenen aurkako hauteskundeak galdu zituenean, Trumpek ez zuen emaitza onartu, eta ez zen inbestidura ekitaldira joan (150 urtean ez da horrelakorik gertatu).

Albisteak (4)