Itxi

AEB

Trumpek Marco Rubio senatari latinoa hautatu du Estatu idazkari gisa, Etxe Zuriaren gertuko iturrien arabera

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Izendapena ofizialki baieztatu behar dute, baina, itxura guztien arabera, Floridako senataria izango da AEBko kanpo politikaren arduraduna.

Rubio, Trumpen kanpainako mitin batean. EFE

Donald Trump AEBko presidente hautetsiak Marco Rubio Floridako senataria aukeratu du Estatu idazkari kargurako, Reuters eta The New York Times egunkariak Etxe Zuriaren gertuko iturriak aipatuta. 

Izendapena ofizialki baieztatzeke dago, baina ia ziurtzat jotzen da. Rubiok 53 urte ditu, eta ardura horretan egongo litzatekeen lehen latinoa da. Kubatar migratzaileen semea, Trumpen presidenteorde izateko kinieletan egon zen, baina hautagai errepublikanoak JD Vancen alde egin zuen azkenean. 

Gaztelera menperatzen duenez, AEBk Latinoamerikan dituen interesetarako babes handia izan daiteke Rubio. 

Bestalde, AEBren "etsai geopolitikoen" —Txina, Iran eta Kuba— aurrean jarrera zurruna erakutsi du senatariak. Ukrainako gerrari dagokionez, Rubiok esana du Ukrainak akordio bat negoziatu behar duela Errusiarekin, Moskuk azken hamarkadan hartutako lurraldeak bereganatzen tematu barik. Horren erakusle, Ukraina militarki babesteko 95.000 milioi dolarreko laguntzaren kontra bozkatu zuen 15 senatari errepublikanoetako bat izana. Gainera, Israelen defendatzaile sutsuetako bat izan da Rubio. 

Txinarekiko jarrera itxia du, halaber. Horren adibide, Txinako TikTok sare sozialak Musica.ly erosi zuenean (2019an) ikerketa egitea eskatu zuen eta inbertsioetan atzera egin zuen Senatuak. Gainera, Huawei erraldoi teknologiko txinatarraren salmentak debekatzeko eskaera egin dio behin eta berriz Bidenen administrazioari.

Beste kargu batzuk, baieztatuta

Rubiorena ofizial egin arte, Trumpek beste hainbat izendapen egin ditu: Susie Wiles kabinete-burua izango da; Tom Homanek "mugetako tsar" gisa jardungo du; Elise Stefanik AEBren NBEren enbaxadorea izango da, eta Stephen Miller, Etxe Zuriko politiken zuzendari.

Stefanik (40 urte) Israelen defendatzaile sutsua da, eta AEBren interesak lehenestearen aldekoa, The New York Post egunkariaren arabera.

Millerri dagokionez (39 urte), Trumpen migrazio estrategiaren ideologotzat jo dute. Izan ere, Trumpen lehen agintaldian migrazio politiken aholkulari izan zen, eta bigarren honetan indar gehiago izango duelakoan daude aditu guztiak.

Azkenik, CNNk aurreratu duenez, Kristi Noem Hego Dakotako gobernadorea izango da Segurtasun Nazionalerako idazkaria.

Albisteak (1)