Larrialdi klimatikoa
Sanchezek Valentziako tragedia eraman du COP29 goi-bilerara: "Klima-aldaketak hil egiten du"
AGENTZIAK | EITB Media
Goi-bileraren lehen jardunaldian, Brasilek 2035erako gas kutsagarrien isuriak "% 67" murrizteko helburua ezarri du, eta Kanadak iragarri du garapen bidean dauden 25 herrialdetan ekintza klimatikoko proiektuak finantzatzeko plataforma bat jarriko duela martxan.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak COP29 klimaren goi-bilerara eraman du duela gutxi goi-geruzetako depresio isolatuak Valentzian eragindako tragediaren adibidea, nazioartearen kontzientziara jotzeko ahaleginean, "klima-aldaketak hil egiten duela" esanaz, "oinak arrastatzeari" utzi eta negazionistak borroka ditzan eskatuz.
Sanchezek gogorarazi du 222 hildako (gehienak Valentzian) eragin dituen depresio horren ondorioak Bakun, Azerbaijango hiriburuan, egiten ari diren goi-bileran eta horren esparruan antolatutako hainbat ekitalditan.
Gainerako buruzagien aurrean, Espainiako gobernuburuak esan du goi-bilerara joan dela ohartarazteko "zientziak denbora gehiegi daramala egia hori seinalatzen, eta, hala ere, askok mespretxatzen jarraitzen dutela: klima-aldaketak hil egiten du".
Geraldo Alckmin Brasilgo presidenteordea. Argazkia: EFE
Bestalde, Geraldo Alckmin Brasilgo presidenteordeak goi-bileran adierazi duenez, 2035erako gas kutsagarrien isuriak "% 67" murrizteko helburua ezarri dute.
Alckminen ahotan, "anbizio handiko xedea da, baina egingarria", eta Brasilgo Gobernuak 2030erako legez kanpoko oihanen mozketa zerora murrizteko hartutako erabakia gogorarazi du.
Gainera, Kanadak iragarri du garapen bidean dauden 25 herrialdetan ekintza klimatikoko proiektuak finantzatzeko plataforma bat jarriko duela martxan, hainbat iturritako baliabideak konbinatuz 1.480 milioi dolar eskuragarri jarriko dituena. GAIA plataformaren baliabideen % 70 egokitzapen-proiektura bideratuko dira, eta % 25 gutxien garatutako herrialdeetan eta uharteetako herrialde txikietan inbertituko da.
Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak adierazi du krisi klimatikoaren aurkako borrokaren "lehen lerroan" daudela, bere Gobernuaren helburua 2035erako gas kutsagarrien isuriak gutxienez % 81 murriztea dela baieztatuta.
Ilham Aliyev Azerbaijango presidenteak, goi-bileraren anfitrioiak, nabarmendu du petrolioa "Jainkoaren oparia" dela, bere herrialdeak dituen baliabide fosilen defentsa polemikoa eginez.
Aliyevek ukatu egin du Azerbaijan "petro Estatu " gisa izendatzea, eta bere herrialdearen irudiari kalte egiten saiatzen ari diren "albiste faltsuen" aurka egin du. "Herrialdeei ez litzaieke errua bota behar baliabide fosilak izateagatik edo merkatura eramateagatik, merkatuak behar dituelako, jendeak behar dituelako", argudiatu du.
Antono Guterres NBEko idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusiak kutsatzen dutenek ordaintzea eta trantsizio klimatikoa finantzatzeko zerga berriak ezartzea eskatu du, hala nola itsas eta aire garraioari edota erregai fosilen ustiapenari. "Kutsatzen dutenek ordaindu egin behar dute", esan du Guterresek goi-bileraren irekiera hitzaldian.
Erabakia hartzearen premia azpimarratu du, besteak beste, Guterresek. "Munduko batez besteko tenperatura 1,5 gradu igotzea mugatzeko atzerako kontaketan sartuta gaude eta denbora aurka datorkigu", esan du.
Oro har, NBEko idazkari nagusiaren esanetan, "herrialde bakar bat ere ez da salbatzen" hondamendi klimatikoetatik, eta "aberatsek sortzen dute arazoa, baina pobreek ordaintzen dute preziorik altuena".