AEB
Matt Gaetz ultraeskuineko kongresukidea aukeratu du Trumpek fiskal nagusi kargurako
AGENTZIAK | EITB Media
Izendapenak egonezina sortu du Alderdi Errepublikanoaren baitan ere, adin txikiko neska bati sexu abusuak egitea egotzita ikertzen ari baitira.
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidente hautatuak bere gobernu berria izango dena diseinatzen jarraitzen du. Azken orduetan ohar bidez iragarri duenez, Matt Gaetz Alderdi Errepublikanoko kongresukide ultraeskuindarra aukeratu du fiskal nagusi kargurako.
Trumpen arabera, Ameriketako Estatu Batuetako sistema judizialaren "instrumentalizazioari" amaiera ematea da orain gauzarik garrantzitsuenetakoa, eta Joe Bidenen administrazioa egin du horren erantzule.
Gaetzek "erakunde kriminalak desegingo ditu eta Justizia Departamentuarenganako fedea eta konfiantza berrezarri", nabarmendu du Trumpek.
"Ohorea izango da Trump presidentearen fiskal nagusi izatea", esan du Gaetzek X sare sozialean. 41 urte ditu eta Ordezkarien Ganberako kongresukidea da 2017. urteaz geroztik. Eskuin muturreko ordezkari errepublikanoa da eta Trumpen jarrerekin bat egiten du.
Ezbairik gabe, izendapen polemikoa da eta zeresana eman du Alderdi Errepublikanoaren baitan ere. Izan ere, Matt Gaetz ikertzen ari dira adin txikiko neska bati sexu abusuak egitea egotzita.
Justizia Departamentuak zeregin garrantzitsua izango du Trumpen hurrengo gobernuan.
Itxura guztien arabera, Matt Gaetz Donald Trumpen aurkako auzi penalak (Kapitolioaren aurkako erasoagatik eta Etxe Zuritik dokumentu klasifikatuak eramateagatik) bertan behera uzteaz arduratuko da.