Itxi

G20

Gerrei eta aberats handien zergei buruzko jarrerak oso zatituta dituztela bilduko dira G20ko kideak Brasilen

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gaur eta bihar, besteak beste, pobreziari eta goseari aurre egiteko mundu mailako aliantza bat adostea espero dute goi mandatariek. Klima larrialdia mahai gainean izango duten gaietako bat izango den arren, ez da uste aurrerapausorik egotea zentzu horretan.

Rio de Janeiro, Brasil. Argazkia: EFE

G20 taldea osatzen duten herrialdeetako agintariak Rio de Janeiron (Brasil) bilduko dira, gaur eta bihar. Jorratuko dituzten gaien artean, hiru nagusienak: Ukrainako eta Ekialdeko Hurbileko gerrak, munduko aberats handiei zerga berezia ezartzeko Brasilek egindako proposamena eta trantsizio energetikoa. Jarrerak aurrez oso zatituta dituztela helduko diete gai guztiei, eta ez da itun zabalik aurreikusten. 

Orotara, 55 herrialdetako eta nazioarteko erakundetako ordezkaritzek hartuko dute parte Arte Modernoaren Museoaren egoitzan egingo den goi-bileran. 20.000 militar inguru ari dira egunotan ingurua zaintzen. Jada, Rio de Janeiron dira, besteak beste, Joe Biden (AEB), Xi Jinping (Txina), Claudia Sheinbaum (Mexiko), Javier Milei (Argentina), Pedro Sanchez (Espainia), Emmanuel Macron (Frantzia) eta Olaf Scholz (Alemania) gobernuburuak. Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidenteak egin die harrera guztiei.

Zalantzarik gabe, Joe Biden AEBko presidentea izango da protagonistetako bat, nazioarteari agur esateko baliatuko baitu hitzordua. Hauteskundeak galdu ondoren, urtarrilean utziko du Etxe Zuriko aginte makila Donald Trumpen esku.

Bestalde, Javier Milei Argentinako presidenteak lehen aldiz hartuko du parte G20 taldearen lehen goi-bileran, eta aurrez aurre egongo da Lula da Silvarekin. Ezagunak dira bi agintarion arteko tira-birak eta Mileik bere azken agerraldietan Brasilgo presidentearen aurka esandako irainak.

Aberats handientzat zerga berezia

Zeresana emango du, baita ere, munduko aberats handientzat Brasilek proposatutako zerga bereziak, zatiketa handia erakutsi baitute horren inguruan herrialde nagusiek. Espainia, oraingoz, alde agertu da.

Lula da Silvaren Gobernuak egindako azterketa baten arabera, munduan dauden 3.300 aberats handien ondasunen gaineko % 2ko zerga berezia ezarrita, urtean 200.000-250.000 milioi dolar bilduko lirateke, besteak beste, pobreziari, goseari edota klima aldaketari aurre egiteko.