Itxi

Gerra Ukrainian

Errusiak ohartarazi duenez, irismen luzeko misilak erabiltzeak "Ukrainaren etorkizuna baino ez du okertuko"

Agentziak | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Putinen esanetan, erabaki hori marra gorria da Kremlinentzat, eta eragingo luke Moskuk Mendebaldearen etsaiei irismen luzeko armak eman behar izatea munduko hainbat lekutan.

Suhiltzaile bat sute bat amatatu nahian Ukrainian. Argazkia: EFE

Viacheslav Volodin Dumako —Errusiako diputatuen ganberako— presidenteak astelehen honetan ohartarazi duenez, Ukrainari irismen luzeko misilak erabiltzeko baimena emateak "Ukrainaren etorkizuna eta zortea baino ez ditu okertuko".

"Armamentu horri dagokionez, erabiltzen da. Erabilera zabaltzeak, jakina, kalteak eragingo ditu, baina ez du aldatuko gudu-zelaiko egoera. Ukrainaren etorkizunak okerrera egingo du", idatzi du Volodinek Telegrameko bere kanalean.

Gainera, Errusiaren eta AEBren arteko harremanak "behin betiko suntsituko" lituzkeela uste du. "Hori gertatzen bada, Errusiak erantzun beharko du. Defentsa Ministerioak erabakiko luke, baina argi dago erantzuna egon egongo dela", azpimarratu du.

Volodinek ez du baztertzen Moskuk Errusiak Ukrainan oraindik erabili ez dituen "armamentu sistema berrietara" jotzea. "Hurrengo urratsa AEBren erantzuna izan daitekeela ulertzen dugu. Eta gero, ezinbestean, gure erantzuna. Horri eskalada deitzen zaio", esan du.

Kremlinek Ukrainako gerraren "suari egurra" botatzea leporatu die AEBri, Kievek Errusiaren aurka helmen luzeko misilekin egindako erasoak baimendu dituelako, Mendebaldeko prentsak jakitera eman duenez.

"Argi dago Estatu Batuetan kargua uzten duen Administrazioak egurra botatzen jarraitzeko eta gatazka honen inguruan tentsioa areagotzen jarraitzeko asmoa duela", esan du Dmitri Peskov Kremlinen bozeramaileak egunero egiten duen prentsaurrekoan.

Era berean, Putinek irailean San Petersburgon egindako adierazpenak gogora ekarri ditu. Bertan ohartarazi zuenez, irismen luzeko misilen erabilera onartzeak "esan nahi du NATOko herrialdeak, AEB eta Europako herrialdeak gerran egongo direla Errusiarekin".

Putinen hitzetan, erabaki hori marra gorria da Kremlinentzat, eta Moskuk, besteak beste, Mendebaldearen etsaiei irismen luzeko armak eman beharko lizkieke munduko hainbat lekutan.

The New York Times eta The Washington Post egunkariek igandean jakinarazi zutenez, Bidenek baimena eman zion Ukrainari irismen luzeko AEBko armak erabiltzeko Errusia barruan eraso mugatuak egiteko.

Bidenen baimena, hedabideek diotenez, Ipar Koreako soldaduak (10.000, AEBko zerbitzuen arabera) Errusiako mugako Kursk eskualdean hedatzeari erantzuten dio, Ukrainako tropek abuztutik partzialki okupatuta baitute.

Baimendutako armak, zehazki, ATACMS izeneko misil supersoniko gidatuak dira, eta 300 kilometro inguruko irismena dute.