Itxi

hauteskundeak

Sinn Feinek aurrea hartu du Irlandako hauteskunde orokorretan, hauteslekuetako inkesten arabera

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Hala eta guztiz ere, Fianna Faileko zentristen eta Simon Harris lehen ministroaren demokristauen arteko akordioa errepikatuz gero, ezinezkoa izango litzateke ezkertiarrak gobernura iristea.

Dublingo hautesleku bat. Argazkia: EFE

Mary Lou McDonald Sinn Fein alderdi ezkertiarreko hautagaiak botoen % 21,1eko babesa jaso du ostiralean egindako Irlandako hauteskunde orokorretan, eta gertu geratu dira Simon Harris lehen ministroaren Fine Gael demokristaua (% 21) eta Micheal Martinen Fianna Fail zentrista (% 19,5), hauteslekuetako inkesten arabera.

RTE kate publikoak zabaldutako inkestak berdintasun handia aurreikusten du hiru alderdien artean, eta aukera ematen die zentristei eta demokristauei azken lau urteetako koalizio Gobernua errepikatzeko.

Larunbat honetan egingo da botoen zenbaketa. Behin behineko datuak arratsalde erdia aldera jakingo dira, eta orduan jakingo da zein izango den eserlekuen banaketa, hautagaien arteko boto transferentzia aintzat hartuta.

Harrisek jada aurreratu du "egun zirraragarriak" izango direla datozenak, zeren inkestek alderdi bozkatuenak zeintzuk diren esango dute, baina horrek ez du zehaztuko zeintzuk izango diren 174 diputatuak (boto transferentziari erreferentzia eginez).

Horixe gertatu zitzaion Mary Lou McDonald Sinn Feinen buruzagi eta oposizioko buruari, 2020an boto gehien jaso arren, Fianna Failek diputatu bat gehiago lortu zuelako boto transferentziaren ondorioz.

Buruzagi nazionalistak porrot egin zuen gobernua osatzeko saiakeran, eta hortik eratorri zen zentristen eta demokristauen koalizio historikoa.

Martin "zuhur, baina baikor" agertu zen garaipena lortzeko zituen aukeren inguruan, hautagai faboritoa delako alderdien arteko boto transferentziari dagokionez, eta demokristauek ere faborito jotzen dutelako.

McDonaldek ere "baikortasuna, esperantza, konfiantza eta anbizioa" azpimarratu ditu, Dublinen behingoz ezkertiar nazionalistak boterera iristeko eta beste bi alderdien nagusitasuna apurtzeko.

Gauzak horren berdinduta, alderdiak akordioetara iristera behartuta daude, eta Harrisek eta Martinek jada erakutsi dute ituna berregiteko prestutasuna, Sinn Fein baztertuta.