Frantzia
Le Pen ultraeskuindarrak iragarri du Michel Barnierren Gobernuaren aurkako zentsura-mozioa babestuko dutela
Agentziak | EITB Media
Eskuin muturreko alderdiaren 140 diputatuak funtsezkoak dira eskuineko Gobernuak biziraun dezan, eta Le Penek zentsura-mozioa propioa aurkeztuko dutela iragarri du. Hala ere, ezkerreko indarren mozioa babestea ez du baztertu.
Marine Le Pen Frantziako buruzagi ultraeskuindarrak Michel Barnier lehen ministroari leporatu dio bere alderdiarekin hitz egin nahi ez izatea, eta iragarri du zentsura-mozio baten alde bozkatuko dutela datorren asteazkenean Gobernua kentzeko.
"Gure marra gorriak aurkeztu nizkizun eta ez dituzu onartu nahi izan. Ezin ditugu aurrekontu erabat bidegabe hauek onartu, frantziarrei (Emmanuel) Macronen arduragabekeria ordainarazten dietelako", adierazi du Le Penek Gobernuaren aurkako zentsura-mozioa iragarri ostean.
Barnierrek 211 diputatu baino ez ditu 577 ordezkariko Asanblada batean, eta horrek ia seguru egiten du zentsura-mozioak kargutik kenduko duela. Izan ere, Frantzian ez da egiten mozio konstruktiborik, Gobernua kentzeko funtzioa dute, besterik ez. Asteazkenera arte Saudi Arabian dagoen Macronek izendatu beharko du Gobernu berria.
Eskuin muturreko buruzagiaren 140 diputatuak funtsezkoak dira eskuineko Gobernuak biziraun dezan, eta Le Penek iragarri du zentsura-mozioa propioa aurkeztuko dutela. Hala ere, ezkerraren mozioa babestea ez du baztertu.
Jarrera horrekin, irailaren 5ean izendatutako Barnierren Gobernuaren azken orduak izan daitezke, baina Le Penek garrantzia kendu nahi izan dio hartutako erabakiari: "Iazko aurrekontuak aplikatuko dira, beste lehen ministro bat egongo da, eta beste aurrekontu bat hartuko du".
"Frantsesek ez dute ikaratuta egoteko arrazoirik. Herrialdearen defizit handiaren eta langabeziaren igoeraren beldur izan behar dira, azken zazpi urteetako politiken erruz", azpimarratu du.
Pentsioen igoera atzeratzea eta sendagai batzuk diruz laguntzeari uztea
Le Penek Barnierri leporatu dio Macronen politikak jarraitu nahi izana, eta garrantzia kendu die lehen ministroak aurrekontuen negoziazioan azken egunotan egin dizkien kontzesioei.
Gainera, kritikatu egin du horietako azkena ez onartzea, hau da, 2024ko inflazioa apaltzeko 2025ean pentsioen igoera urte erdi atzeratzeari uko egitea.
Ziurtatu du bere betebeharra Gobernuaren neurrien aurrean "frantziarrak defendatzea" dela, eta erantsi du Barnierrek "murrizketen eta diru-sarrera berrien" inguruan egindako proposamenak ez dituela kontuan hartu.
Gaur goizean bertan Barnierrek sendagai jakin batzuk diruz laguntzeari ez uzteko hartutako erabakiari buruz, Le Penek adierazi du 500 milioi euro baino ez direla.