Hauteskundeak
Errumaniako Konstituzio Auzitegiak presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulia baliogabetu du
Agentziak | EITB MEDIA
Prozesu osoa hasieratik errepikatzea agindu du, eta Gobernuak aukeratu beharko du horretarako data bat.
Errumaniako Konstituzio Auzitegiak presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulia bertan behera uztea erabaki du ostiral honetan, eta, beraz, prozesua hasieratik errepikatzeko agindu du. Gobernuak zehaztu beharko du noiz egingo diren berriro.
Calin Georgescu hautagai independentea, bere diskurtso nazionalista eta ultraeskuindarrarekin, pronostiko guztien aurka gailendu zen lehen itzulian, Elena Lasconi kontserbadorearen aurrean. Bigarren buelta igande honetan egitea aurreikusita zegoen.
Hauteskundeotako botoen zenbaketak sortu ditu zalantzak; izan ere, Errumaniako Defentsa Nazionaleko Kontseilu Gorenak Errusiaren esku-sartze saiakerak atzeman ditu. Era berean, agintariek salatu dute Georgescuk ezkutuko presentzia izan zuela TikTok sare sozialean, eta sareak ez zuela hautagai gisa katalogatu.