Siria
Baxar al-Assad Siriako Gobernutik bota duen 11 eguneko matxinadaren kronologia
EITB Media
Azaroaren 27an, Sortaldea Askatzeko Erakunde jihadistak eta Turkiak babestutako errebelde talde batek Siriako Gobernua boteretik kentzeko erasoaldia hasi zuten; 11 egunetan, hiriburua hartu dute, eta Baxar al-Assad presidentea ihes egitera behartu.
Abenduaren 8ko goizaldean iragarri dute islamistek Damasko hartu dutela, Baxar al-Assaden gobernuaren kontrako azken erasoaldiari ekin eta 11 egunera. Hona hemen 11 egun horien kronologia:
- Azaroak 27: Sortaldea Askatzeko Erakundeak (Al-Qaedak Sirian zuen filialaren ondorengoak) gidatutako eta Turkiak babestutako koalizio batek Siriako Gobernuaren aurkako erasoaldia hasi zuen. Islamistek Alepo eta Damasko lotzen dituen errepidea ixtea lortu zuten, herrialdearen iparraldeko beste komunikazio bide batzuekin batera.
- Azaroak 28: Ipar-ekialdean dagoen Idlib probintziaren zati handiena bereganatu zuen oposizio armatuak. Turkiak eta Errusiak adostuta, su-etena zegoen eremu horretan 2020tik.
- Azaroak 29: Jihadistak Alepo iparraldeko bost auzotan sartu ziren, Siria iparraldean, hiru egunez Siriako indarren aurka borrokatu ostean.
- Azaroak 30: Alepo ia erresistentziarik gabe hartu zuten. Jihadistek hiri osoaren kontrolari eutsi zioten, eta Maarat al-Numan hartu zuten, 2020tik Siriako Armadaren esku zegoen hiria.
- Abenduak 1: Damaskoko gobernuak bide diplomatikoari ekin zion, islamistek eta kurdusiriarrek Alepon agintea indartzen zuten bitartean, eta Hama hirirantz abiatu zirenean.
- Abenduak 2: 500 hildako baino gehiago izan ziren lehen sei eguneko erasoaldian. Masoud Pezeshkian Irango presidenteak Siria babesten zuela berretsi zuen, eta laguntza eskaini zion. Siriako Armadak eta Errusiak aireko erasoak egin zituzten Al-Safira inguruan, Alepo hego-ekialdean.
- Abenduak 3: Errusiako Defentsa Ministerioak itsasoko maniobrak iragarri zituen Siriako kostatik gertu, belaunaldi berriko arma hipersonikoekin. Kurduek, berriz, Siria ekialdeko zazpi herriren kontrola hartu zuten, Siriako Gobernuaren eta milizia irandarren esku egon ostean.
- Abenduak 4: Sergei Lavrov eta Badr Abdelaty Errusiako eta Egiptoko Atzerri ministroek Siriaren egoerari buruzko batzarra egin zuten.
- Abenduak 5: Jihadistek iragarri zuten "erabat" kontrolpean zutela Hama, Siria erdigunean.
- Abenduak 6: Aliantza jihadistak aurrera jarraitu zuen Homs hirirantz, Siriako Armada aurre egiten saiatzen ari zen bitartean.
- Abenduak 7: Deraa probintziako oposizio armatuak hiria hartu zuen, 2011ko Udaberri Arabiarra deiturikoaren hiriburua, eta drusoek Al-Sweida hartu zuten.
Siriako Gobernuaren aliatu nagusiek, Iranek eta Errusiak, eta Turkiak (oposizioa babesten du) adostasuna lortu zuten borrokaldien etenaldia eskatzeko eta Siriako gerrari amaiera emango zion elkarrizketak abiatzeko.
- Abenduak 8: Al-Julanik garaipena aldarrikatu zuen Damasko hartu eta Al-Assadek ihes egin ostean.