Itxi

SIRIAKO ERREGIMENAREN ERORKETA

Al-Assad gabeko aro berri bat abiatu da Sirian eta ziurgabetasuna da nagusi trantsizioaren inguruan

EITB Media

Leer en Castellano

Al Jalali lehen ministroa bere gobernuko kideekin batera karguan jarraitzeko prest agertu da, botere aldaketa gauzatu arte.

Siriarrak Al-Assad presidentearen agintaldiaren amaiera ospatzen, Damaskon. Argazkia: EFE

Sortaldea Askatzeko Erakundeko (Al-Qaeda ohia) terroristek zuzendutako matxinoek eta Turkiak babestutako errebelde talde batek indarrak batuta Baxar al-Assaden erregimena eraitsi ondotik, ziurgabetasuna da nagusi Siriaren etorkizunaren inguruan. Trantsizio baketsua iragarri badute ere, ikusteko dago zer gertatuko den.

Abu Mohamed al Jolani buru zutela, Sortaldea Askatzeko Erakundeak gidatutako eta Turkiak babestutako koalizio batek Siriako Gobernuaren aurkako erasoaldia hasi zuen azaroaren 27an. 11 egun eskasean Alepo, Hama eta Homs berenagatu zituzten, atzo Damasco hiriburura iritsi ziren arte.

Telegramen zabaldutako mezu labur batean, talde islamistak herrialdera itzultzeko eta berreraikuntzan parte hartzeko eskatu die gerra dela eta Siria utzi behar izan zutenei. Halaber, herrialdeko aniztasunarekiko tolerantzia hitzeman du eta zibilen aurkako erasoak eta indarkeria saihesteko exijitu die bere kideei.

Mohamed Ghazi Al Jalili lehen ministroa bere gobernuko kideekin batera karguan jarraitzeko prest agertu da, botere aldaketa gauzatu arte.

Testuinguru horretan, nabarmendu du ez duela arazorik Abu Mohamed al Jolanirekin elkartzeko.

Israelek egoera baliatu du Siriako helburu militarren aurka (aireportu militarrak eta arma biltegiak) bonbardaketak egiteko, Siriako hedabideek eta ekintzaile taldeek salatu dutenez.

Atzo, Israelek bere soldaduak barreiatu zituen Sirian, mugatik gertu, militarizatu gabeko mugatik harago. Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroak gaur azaldu duenez, soldadu israeldarren presentzia "mugatua eta aldi baterakoa" izango da Siriako eremu desmilitarizatuan eta Al-Assaden erregimenaren erorketarekin lotu du.