EKIALDE HURBILA
Israelek dio arma kimikoen biltegiak bonbardatu dituela Sirian
agentziak | eitb media
Jihadistak kurduen aurka egiten ari diren erasoak eteteko eskatu du Israelgo Gobernuak, kurduak "egonkortasunerako indarra" direla iritzita.
Israelgo agintariek adierazi dute azken orduotan Sirian bonbardatu dituzten lekuen artean arma kimikoen eta irismen luzeko misilen biltegiak daudela.
"Israelen eta israeldarren segurtasuna da gure interes bakarra", azaldu du Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroak. "Horregatik egin dugu eraso arma estrategikoen sistemetan, arma kimikoenetan eta irismen luzeko misil eta koheteen biltegietan, jihadisten eskuetara ez iristeko", gehitu du.
Ordu batzuk lehenago, Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak Golango gainetik harago zabaltzea eskatu dio Armadari, eta Siria hegoaldean arma estrategikorik eta "azpiegitura terroristarik" gabeko eremua sortzea.
Bestalde, Saarrek "kurduen aurkako erasoak" amaitzea eskatu du, "herrialdea egonkortzeko indarra" direlakoan. Izan ere, Damasko hartu eta gutxira, jihadistak Siriako Indar Demokratikoei (kurduak) eraso egiten hasi ziren.