Ameriketako Estatu Batuak
Pertsona bat atxilotu dute Pennsylvanian, Brian Thompson UnitedHealthcaren zuzendaria hiltzea egotzita
Agentziak | EITB Media
New Yorkeko Poliziak jakinarazi duenez, atxilotuak Luigi Mangione du izena eta 26 urte ditu. Antza denez, krimenean erabilitako su-arma bera atzeman diote atxiloketan.
Pertsona bat atxilotu dute gaur Altoonan (Pennsylvania), Brian Thompson UnitedHealthcare aseguru-etxeko zuzendari exekutiboa hiltzea leporatuta. Dirudienez, krimenean erabilitako su-arma bera atzeman diote atxiloketan.
New Yorkeko Poliziak prentsaurreko batean jakitera eman duenez, atxilotuak Luigi Mangione du izena eta 26 urte ditu: "Une honetan Brian Thompsonen hilketan gure susmagarri nagusia da".
Poliziak New Jerseyn emandako nortasun-agiri faltsu bat ere aurkitu du, susmagarriak New Yorkeko ostatuan erregistratzeko erabili zuen identifikazio-agiriarekin bat zetorrena.
Mangionek arma bat zeukan, "hilketan erabilitakoarekin bat letorkeena; bederatzi milimetroko bala bat jaurtitzeko gaitasunarekin eta isilgailu batekin", 3D inprimagailu batekin egina izan zitekeena, New Yorkeko Poliziak azaldu duenez.
Gainera, atxiloketaren unean, Mangionek lepo-berogarri militar bat zuen, hiltzaileak Hilton Midtown (Manhattan) hotelaren aurrean izandako tiroketan erabili zuenaren antzekoa, eta aseguru-etxeen aurka, eskuz idatzitako hiru orrialdeko dokumentu bat.
Atxiloketa Altoonako (Pennsylvania) McDonald's batean egin dute. Susmagarria jaten ari zen, eta langile batek Udaltzaingoari abisua eman dio.
Gaztea Marylanden jaio eta hazi zen, eta San Frantziskon, Pennsylvanian eta Hawaiin bizi izan da, Poliziaren arabera.