Itxi

Ekialde Hurbila

Israelek familia bereko 22 kide hil ditu Gazako iparraldean

Agentziak | EITB media

Leer en Castellano

Abu Tarabish familia izan da Israelen eraso bortitzaren jomuga. Senitarte horren kontra egin dute hegazkinek, eta Beit Lahiako etxebizitza bonbardatu. Herri horrek, Yabaliak eta Beit Hanounek setio militarra jasaten dute iragan urritik.

Israelen erasoek eragindako suntsipena Al Nuseiraten (Gaza). Argazkia: EFE

Gutxienez Abu Tarabish familiako 22 kide hil dituzte Israelen eraso batean. Hegazkinek Beit Lahiako etxebizitza bat bonbardatu dute, indar sionistek duela 68 egunetik setiatutako Gazako iparraldeko eskualdean.

Egunsentian, Wafa albiste agentzia palestinarrak jakinarazi duenez, 30 pertsona hil eta desagertu dira Abu Tarabish familiaren etxearen hondakinen artean, baina osasun agintariek 22 gorpu baino ez dituzte aurkitu.

Erasoaren ondoren argitaratutako hildakoen zerrendetan sei adingabe agertzen dira.

Abu Tarabishtarrak zeuden eraikinak hiru solairu zituen eta, Wafaren arabera, bertan 30 desplazatu baino gehiago zeuden. Une honetan, Gazako biztanleen % 90, 2,1 milioi pertsona inguru, beharturik desplazatuta daude.

Etxebizitza, gainera, Kamal Adwan ospitalearen inguruan zegoen, ondoan dagoen Yabaliako Al Awda osasun zentroarekin batera, iparraldeko eremu setiatuan funtzionamenduan dagoen bakarra. Armada sionista ospitalea etengabe erasotzen ari da, bai eraikinaren beraren aurka, bai inguruaren kontra.

Larunbatean, Hussam Abu Safiya Kamal Adwanen zuzendariak salatu zuen bi soldadu israeldar sartu zirela ospitalera megafono batekin, osasun-zentroa hustea eskatzeko. Gainera, zazpi pertsona hil zituzten abenduaren 5ean, ospitalearen inguruan egindako eraso batean.

Beit Lahia, Yabalia eta Beit Hanoun, Gaza iparraldean, Israelen bonbardaketa gogorrak jasaten hasi ziren urriaren 5ean, eta, ondoren, lurreko erasoaldi bat izan zen 6an. Ordutik, ingurua setio militar baten pean dago, eta 3.700 hildako eta desagertu utzi ditu dagoeneko, Gazako agintarien arabera. Hala ere, kopuru hori eguneratu gabe dago.

Borroken ondorioz, Defentsa Zibilak, gorpuak eta zaurituak erasoen hondakinen artetik erreskatatzeaz arduratzen denak, salatu du ezin duela bere lana egin. Talde horren lana ezinbestekoa da biktimak behar bezala zenbatu ahal izateko.

NBEk uste du 65.000-75.000 pertsonak jarraitzen dutela setiatutako eremuan, nahiz eta Israelen erasoaldiek behartuta aldiro-aldiro ehunka palestinarrek setiotik kanpo dagoen Gaza hirira ihes egin. Abenduaren 4an, 5.000 pertsona inguru behartuta atera zituzten Beit Lahiako hiru eskolatatik.