Analisiak
Zer gertatuko da orain, Hego Koreako presidentea kargugabetzea erabaki ondoren?
FELIPE ETXEBARRIA
EITB MEDIA
Erabaki hau diputatuen bi herenek hartu dute, eta bere aurka bozkatu dutenen artean bere alderdiko 12 diputatu ere badaude. Horrek amaiera jarrio diezaioke bere bost urteko agintaldiari.
Yoon Suk-yeol Hego Koreako presidentea kargugabetzeko Parlamentuak hartutako erabakia kolpe gogorra da buruzagi kontserbadorearentzat. Erabaki hau diputatuen bi herenek hartu dute, eta bere aurka bozkatu dutenen artean bere alderdiko 12 diputatu ere badaude. Horrek amaiera jarrio diezaioke bere bost urteko agintaldiari.
Orain erabakiak zein bide jarraituko du?
Auzitegi Konstituzionalak azken hitza dauka orain. Auzitegi honek Parlamentuaren erabakia berretsi edo baliogabetu behar du 180 egunetako epean. Kargugabetzea onartzen badu, hauteskunde berriak deitu behar dira 60 egunetan.
Auzitegi honek aztertu behar du Yoon-ek gerra-legea deitu zuenean, Konstituzioa hautsi ote zuen ala ez. Gainera, matxinada salaketa ere leporatzen zaio, eta lege hauste horrek heriotz zigorra ere ekar diezaioke. Indar militarrak Parlamentura bidali izatea matxinada ahaleginaren frogatzat har daiteke. Yoon presidentearen kargugabetze prozesuan atxilotzen badute, horrek Auzitegi Konstituzionalaren erabakian eragina izan dezake.
Manifestaldi erraldoi batez ospatu dute hegokorearrek Seulgo kaleetan presidentearen kargugabetzea. Baina gauzak oraindik ez daude argi.
Auzitegi Konstituzionala bederatzi epailek osotzen dute, baina joan den urrian hiruk kargua utzi zuten, eta beren ordezkoak ez dituzte oraindik izendatu. Epaia emateko, bederatzi epaileetatik gutxienez seik onartu behar dute. Yoon presidentearen kasuan, geratzen diren sei epaileek kargugabetzearen alde bozkatu behar dute Parlamentuaren erabakia berresteko. Hau da, epaile batek ez badu onartzen, ezin da erabaki hori hartu.
Seguruenera jarraituko den bidea kasu honetan izan daiteke Auzitegi Konstituzionalak Parlamentuari eskatzea falta diren hiru epaileak izandatzeko, presidentearen kargugabetzeari buruz erabakia hartu baino lehen.